En direct

Ion Garate - Maite Bidarte

Naiz Irratiak zuzenean jarraituko du Tourra Donostiako NAIZ gunetik

Larunbat honetan abiatuko da Tourra Brest hiritik eta etapa denak zuzenean eskainiko ditu Naiz Irratiak Donostiako Naiz gunetik. Segurtasun neurri guztiak beteta, aurten Naiz gunera hurbiltzeko aukera izango da zuzeneko emankizunaz gain, Tourra pantaila erraldoian jarraitzeko.

Audio_placeholder

Naiz Irratiak zuzenean jarraituko du Tourra Donostiako NAIZ gunetik

Loading player...
Seguimiento del Tour desde el estudio de NAIZ Irratia. (Jon URBE/FOKU)
Seguimiento del Tour desde el estudio de NAIZ Irratia. (Jon URBE/FOKU)

Pixkanaka ari gara normaltasun egoerara bueltatzen, horren adibide da Tourra ohiko datetan lehiatuko dela, pasa den edizioa irailan izan baitzen.  Larunbat honetan, ekainak 26, abiatuko da Estatu frantseseko itzuli handia Brest hiritik. Guztira 3.382 kilometro, tartean Alpeak eta Pirineoak, uztailaren 18an iritsiko da tropela Parisera. Iñigo Asensioren gidaritzapean NAIZ Irratiak zuzeneko emankizuna egingo du egunero uhinetan. Segurtasun neurri denak bermatuta, aurtengoan, iaz ez bezala, txirrindulari zaleek aukera izango dute Donostiako NAIZ gunera hurbiltzeko. Irratsaioa bertatik bertara ikusteaz gain, etapa bera ere eskainiko baita pantaila erraldoian.

Lan talde zabala bildu du Iñigo Asensiok Tourraren kontakizunerako; besteak beste, Ainhoa Artolazabal txirrindulari ohia, Asier Maeztu pista txirrindularia, Iñaki Arratibel kirol medikua, Julen Goikoetxea kazetaria, Aitor Ayerza kirol aditua. Horrez gain, euskal txirrindulariek tarte berezia izango dute eguneroko emanaldietan. «Urtero bezala euskal txirrindulariei lekua egingo diegu, talde txikiagoetan egon eta Tourrean parte hartzen ez duten txirrindulariak gonbidatuko ditugu», azaldu du Iñigo Asensiok Naiz Irratian. 

Naiz Irratiko zuzeneko emankizunak Donostiako NAIZ gunetik egingo dira zuzenean (Zurriola etorbidea, 6), irratsaioa bertatik bertara ikusi eta entzuteaz gain, Tourreko irudiak eskainiko dira pantaila erraldoian. Txirrindularitza zaleek bertaratu ahal izateko, segurtasun neurri denak hartuko dira, noski. Musukoa jantzita sartu beharko da aretora, tenperatura hartuko zaie sartu aitzin, segurtasun distantziak mantenduko dira, aforoa kontrolatua egonen da eta baita airearen kalitatea ere. 

Arratsaldeko 15:30etan hasiko da Naiz Irratiko Tourraren jarraipena baina «Tourra bezala, gu ere irregularrak izango gara» esan du Asensiok. Egunez egun aldatuko baita emakizunaren hasiera, «mendi etapetan gustatzen zaigu mugimendu denak kontatzea eta polita izaten da kontakizuna garaiz hastea, lehia gutxiago dagoen etapetan 16:00etan hasiko da kontaketa». Nolanahi ere, sare sozialen bidez egunero jakinaraziko da emankizunaren ordutegia. 

Edizio honetako etapei erreparatuta, badirudi iazkoa baino lasaiagoa izango dela aurtengo Tourra baina, Asensiok azpimarratu moduan, «txirrindulariek egiten dute ibilbidea gogor, errepidea leunagoa da bai, baina lehenengo jipoiak hasieratik ikusiko ditugu». Mendiko etapak izan ohi dira beti ikusgarrienak, eta aurten lehiarik ez da faltako. Uztaileko lehen asteburuan Alpeetako mendateak etorriko dira, eta ondoren iritsiko dira Pirineoak. «Andorran bukatuko den etapa (uztailak 11), eta uztailak 14 eta 15etako etapak, Muret-Sain Lary Soulan Col du Portet, eta Pau-Luz Ardiden etapak, hurrenez hurren, ederrak ziango dira», aurreratu du Asensiok, «etxetik gertu gainera».

Baina Tourraren ezaugarria da ezusteko handiko lehia dela eta, nahiz eta 2021eko ibilbidean azken astean asko egongo den jokoan, hasierako etapetan ikusiko da zein mailetan dauden txirrindulariak. Denboraldian egindakoa alde batera geratzen da Tourrean, «gertatu dena gartatu da, baina orain badator Tourra. Guztia larunbat honetan hasten da» esan du Asensiok, eta gaineratu egia dela «aurten Olinpiar Jokoak jokatuko direla eta badirela txirrindulari batzuk Japonen jarria dutela begia», baina 2021eko edizio ederra izango dela aurreikusten du.

Faboritoen inguruan galdetuta Asensioren iritziz 2021eko edizio hau 'bizefalikoa' izango da. Eta bi buru horiek nortzuk dira? Tadej Pogacar (UAE Team Emirates) eta Primoz Roglic (Jumbo - Visma). Egoera hori izanda, lasterketan parte hartuko duten taldeek beste planteamendu estrategiko bat garatu beharko dutela aurreikusten du Asensiok. Horrek ez du esan nahi, noski, beste txirrindulariek azala utziko ez dutenik: «Richard Carapazek emango du lehia, adi David Gaudurekin mendiko etapetan». 

Euskal txirrindulariei buruz galdetuta «nekez ikusten dut euskal txirrindulari bat etapa bat irabazten», baina ezin da zalantzan jarri euskaldunek egingo duten lana. Ion Izagirre, Alex Aranburu eta Omar Fraile, Astana taldekoak hiruak, ikusten ditu faborito gisa euskal etapa garaipenerako. Guztira zazpi euskal ordezkari izango dira larunbatean hasiko den Tourrean, aipatutako Astanako hiru txirrindulariak, Peio Bilbao (Team Bahrain McLaren), Imanol Erviti (Movistar Team), Johnatan Castroviego (Ineos) eta Víctor de la Parte (Total Energies).   

Jaurlaritza Logoa