En direct
Basque Center of Climate Change-ko zientzialaria da Unai Pascual, eta IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Gobernu Arteko Plataformako kidea ere bai. Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Adituen Taldearekin batera txostena kaleratu berri dute ohartarazteko klima aldaketaren aurkako borrokan ez duela guztiak balio. Izan ere, hainbat neurriek naturan ezinbesteko diren beste zenbait elementu kaltetu edo suntsitu egiten dituzte; alegia, txanponak baduela B alde bat, oso kontuan hartu beharrekoa.
Ezen, biodibertsitateak «gure ekosisteman hainbat funtzio betetzen ditu, lurraren emankortasuna dela, uraren eskuragarritasuna… horregatik guztiagatik gaude hemen». Horregatik dio Pascualek gure sozio-ekonomiak natura «babestu» egin behar duela ezinbestean.
Horretarako adibide jarri du zuhaitz landaketarekin gertatzen ari dena: «Garai batean arrazoi ekonomikoak argudiatuta hasi ziren gurean pinuak eta eukaliptoak landatzen. Orain diote klima aldaketari aurre egiteko neurri bat ere badirela, karbonoa xurgatzen dutelako; eta kontu handia izan behar da justifikazio horrekin, garapen azkarreko plantazio horiek bioaniztasunean inpaktu handia dutelako».
Ekosistemaren babesa
Horren aurrean Pascualek dio «naturaren ekosistema berreskuratzeko neurriak» ezarri behar direla. «Degradatua dagoen ekosistema indarberritu, berrezarri behar dugu. Hori da klima aldaketari merkeen ateratzen zaiona eta bioaniztasuna babesteko irtenbidea».
Dei berezia egiten diete komunitate zientifikoko bi talde hauek munduko agintariei, ezartzen dituzten neurriak bide horretan zuzenduak izan daitezen. Aurki egingo dituzte Pekinen eta Glasgown bioaniztasun eta klima aldaketaren goi bilerak, eta begiradak horretan jarrita dituzte adituek.