En direct
Nola iritsi dira utopiak gure orainera? Zergatik gaude distopien markotik ezin atera? Nola pentsatzen dugu etzi izango garena? Galdera horien erantzunen bila eta horietan sakontzen arituko da Iratzar fundazioa ekainaren 15ean, arratsaldeko 6etan egingo duten online solasaldian. Iratzar fundazioaren YouTube kanalean ikusgai izango da hitzaldia eta bi kide izango dira hizlari moduan: Ane Abarrategi, Tipi kooperatibako kordinatzailea eta Beñat Irasuegi, Talaios kooperatibako kidea.
Irasuegiren ustetan, ezinbestekoa da aipatutako galdera horien inguruko hausnarketa sakona egitea, haren ustez, behar baino gutxiago egiten baita: «Gaur egun inoiz baino gehiago bilatu beharko genituzkeen erantzunak dira, eta era berean, inoiz baino gutxiago egiten da».
Azpimarratu du, hala ere, hasiera batean pandemia gai honen inguruan eztabaidatzeko oztopo bat izan zitekeela uste bazuen ere, gaur egun argi duela prozesu neoliberalean sakontze bat ikusten duela. Pandemia baino gehiago, gure ingurunea ikusi izan du oztopotzat gureaz bestelako bizitzak irudikatzerako orduan: «Gure ingurune kultural eta sozio-politikoak bestelako bizitzak irudikatzea zailtzen digute».
Eztabaida hau mahaigaineratzea garrantzitsua dela dio Irasuegik. Izan ere, esan duenez, gai honi buruz hausnartu duena klase kapitalitalista izan da bereziki, eta bere ustez, egunerokoan sakontze horretan lan egiten dutenak ere badira nor galdera horien erantzuna bilatzeko: «Klase kapitalistak aspalditik du horrelako gaien inguruan hitz egiteko ohitura, baina guk, gizarte bat amestu eta egunerokotasunean horretan lan egiten dugunok ez daukagu horrelako espaziorik». Beraz, adierazi du horrelako «zirrikituak» probestu egin behar direla eta horretarako aukerarik ez dutela galduko: «Pentsatu behar dugu etorkizun hobeak posible direla eta guk egin beharko dugula».