En direct
«Ez da soilik Euskal Selekzioa bultzatzea, baizik eta kirola eskubide guztiekin jorratzea»
Ekainaren 26an Euskal Selekzioen aldeko eguna ospatuko da Bilbon, "Gu ere bai!" plataformak antolatuta. Egun osoko egitaraua eratu dute ofizialtasunaren aldarria «Euskal Herritik mundura» zabaltzeko lehio bezala ikusten dute, Patxi Gaztelumendi kideak elkarrizketa honetan azaldu legez.
Patxi Gaztelumendi "Gu ere bai!" plataformako kideak Euskal Selekzioen aldeko egunaren egitaraua zehatz-mehatz azaldu du
Duela urte bat jaio zen "Gu ere bai!" ekimena, Euskal Selekzien alde egiteko sortu zen dinamika, alegia. Iazko martxoan 750 kirolarik berretsitako manifestua aurkeztu zuten. Besteak beste Euskal Selekzioen nazioartekotasuna aldarrikatzen zen, hala nola kirolarien eskubideak bermatzeko aukera guztiak ere. Urtebete igaro den honetan, Euskal Selekzioen aldeko aldarriak kalera ateratzeko egun osoko egitaraua antolatu dute datorren ekainaren 26rako, "Euskal Herritik mundura!" lemapean.
Patxi Gaztelumendi kideak azaldu duen bezala, «azkenean Eurokopa Bilbon ez den jokatzen arren, horrek ez du gure aldarria gutxitzen. Guk gure kirolariak gure koloreekin, gure selekzioarekin ikusi nahi ditugulako Eurokopa, Munduko txapelketa edota Olinpiar Jokoetan».
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko da eta horretarako, Euskal Herritik mundura lemapean ekimena antolatu duzue. Zertan datza?
Ofizialtasuna Euskal Herritik mundura zabaldu nahi dugu. Uste dugulako gure kirolak, euskal kirolak, aukera onak dauzkala nazioartean lehiatzeko. Selekzio batzuk dagoeneko ofizialak dira, sokatira kasu; gainera irailean munduko sokatira txapelketa burutuko da hemen Euskal Herrian. Futbolean ere aldarria egina dago, UEFA eta FIFAra aurkeztu zuen eskaria Federazioak. Guzti honetan euskal gizartearen bultzada behar-beharrezkoa da federazioak, erakundeak, kirolariak eta herritarrak batera bultzatu behar dugulako. Horretarako izango da egun hau.
Euskal selekzioaren ofizialtasunaz gain, hizkuntza, lurraldetasuna, berdintasuna, aniztasuna ere aldarri izango dira.
Bai, "Gu ere bai!" sortu da euskal kirola bultzatzeko. Eta euskal kirolak berarekin dakartza hainbat behar eta aldarrikapen. Guretzat berdintasuna, adibidez, gakoa da; generoagatiko bereizketarik ez egitea da gure helburua eta horretan badira adibide eredugarri batzuk. 2019an emakumezkoen futbolariek burututako greba kasu edota nazioartean gure kirolariak egiten ari diren markak. Horrek erakusten du zer gaitasun duten izan mutil izan neska eta guretzat aldarrikapen hori funtsezkoa da.
Lurraldetasuna da beste bat, guk nahi dugulako Euskal Selekzio bat zazpi herrialdeetako kirolariak arituko diren. Hizkuntzarena ere garrantzitsua da ze ikusten dugu hizkuntza dela nazio baten marka, eta ikusten dugu kirolak eta hizkuntzak eskutik joan behar dutela. Ahalegin handiagoa egin beharko da eskola kiroletik eta kirol profesionaletik hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen eta euskara gero eta gehiago erabili dezagun.
Berdin aipatu genezake aniztasun elkartasunarena, guztiok dugun kirola egiteko eskubidea, edo nazioartekotasuna, guk nahi dugulako gure kirola Euskal Herritik mundura abiatzea. Alegia, ez dela soilik Euskal Selekzioa bultzatzea baizik eta euskal kirola bere eskubide guztiekin nahi dugula jorratu aurrerantzean. Hori da "Gu ere bai!" ekimenaren egiteko nagusi bat, 7 erronka horiek (euskal kirola, berdintasuna, lurraldetasuna, hizkuntza, nazioartekotasuna, ofizialtasuna eta aniztasuna) bermatzea.
Zazpi aldarri horiek izango dira nagusiak eta horretarako, zazpi kultur eta kirol ekimen antolatu dituzue. Tartean dira martxak, herri kirolak…
Bai, goizeko 10.00etan abiatuko da bizikleta itzuli bat, 80 kilometro egingo dituzte Bizkaiko mendebalderantz, Balmaseda aldean. Eta ordu berean oinez ere Bilbo inguruko mendietatik mendi martxa bat abiatuko da. Horren ostean lau bertsolari handi izango ditugu Arriaga ondoko gure eremuan: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Oihana Bartra. Aspaldi esan zuen Xabier Amurizak, bertsolaritza zela hitzaren kirol nazionala.
Horrez gain, herri kirolariak ere izango dira, froga ezberdinak erakutsiko dituzte, tartean Euskal Herriko txapel bat baino gehiago eskuratuta dauzkaten kirolariak. Umeentzako egitaraua ere egongo da, aisialdian egurrezko jolasak egongo dira, ipuin kontalari bat izango da eta "Printzesa eta futbolaria" antzezlana ere eskainiko da..
Arratsaldean, 17.00etan, kalejira aldarrikatzailea izango da ekimen nagusia. Hor ekitaldi bat egingo dugu.
Zein izango da ekitaldi nagusiaren xedea?
Ekitaldi horretan gure aldarria publiko egin eta ofizialtasunaren alde jendea batzeko agerraldia egingo da. Zazpi erronka horiek gauzatu nahi ditugu, euskal selekzioak ofizialak izatea funtsezkoa izango da aldarrikapenak bultzatzeko. Ekitaldian hori guztia islatu nahi dugu jendearen parte hartzearekin.
Futbolean, 2020an Euskal Futbol Federazioak Lakuako kirol-zuzendaritzaren sostenguarekin ofizialki eskakizuna egin zuen FIFA eta UEFAko egoitzetan. Oraindik ere lan asko egiteke egongo da, nola dago kontua?
Kontua hotz dago. Tartean Euskal Futbol Federazioan hauteskundeak izan direnez, zuzendaritza berria dago eta Futbol Federazioak bere buruari urtebeteko epea jarri zion. Aurretik dauzkagu sei-zazpi hilabete eta herritarrok eta kirolariok akuilu lana ere egin beharko dugu. Garrantzitsua da futbolean zer emaitza lortzen den, horri gehitu behar zaio beste Federazio batzuetan ere eskaerak egingo direla ofizialtasuna aldarrikatuz eta kirolez kirol mugituarazi beharko da gure herriak horrela nahi duelako.
Emakumezkoen futbolean hurrengo urtean lau euskal talde izango ditugu (Alaves, Athletic, Eibar, Reala), gizonezkoen Bigarren B mailara igo dira Sanse eta Amorebieta, eskubaloian Bera Bera txapeldun eta Bidasoa azpitxapeldun, saskibaloian Bidaideak ligako txapeldun, Frantziako Tourra laster izango dugu, Asier Fernandez eta Odei Jainaga sekulako markak egiten… Euskal kirolak momentu oso onean jarraitzen du, ezta?
Bai, hala da. Euskal kirola herri honetan oso txertatuta dagoen dinamika da, bai kirolarien aldetik, daukaten maila eta froga bakoitzean lortzen duten emaitzengatik, eta baita zalegoaren aldetik ere. Ez dugu ahaztu behar beste kirolari batzuek Euskal Herrira etortzen direnean hori aipatzen dutela, izan sokatirako txapelketan, izan harmailetan… Izaera bereziko partidak izaten dira Euskal Herrian jokatzen direnak. Guzti horrek bultzatzen gaitu esatera euskal kirolak behar duela hauspo bat herriz herri, maila txikietatik gorenera, eta sustengu hori da zalegoek isladatu behar duguna. Guretzat une gozoak dira aipatu lorpenengatik baina, era berean, badakigu aurten eskola kirolean baja asko egon dela pandemia eta debekuen ondorioz.