En direct

Ainara Rodriguez
Entrevue
Hafsa Fenehara Ouerdi

«Nire burua nola dagoen jakiteko balio dit Ramadanak»

Hilabeteko otoitzaldiaren ostean gaur amaituko da Ramadana. Urteko hilabeterik bereziena da musulmanentzat, norbere buruarekin hausnarketa egiteko bliatzen dutena. Horien artean da Hafsa Fenehara Ouerdi azkoitiarra.

Audio_placeholder

«Nire burua nola dagoen jakiteko balio dit Ramadanak»

Loading player...
Testuinguru berezian abiatzen da Ramadana. ©Guillaume Fauveau
Testuinguru berezian abiatzen da Ramadana. ©Guillaume Fauveau

Gaur egun handia duzue. Ondo joan da hilabetea?

Hori da. Gaur da Ramadanaren azken eguna. Egia esan berezia izan da aurtengoa, baina ondo joan da.

Covidak moldatzea eragin dizue?

Bai. Moldatu egin behar izan dugu aurtengo neurrietara. Aurten adibidez, goizeko otoitza beste era batera egin behar izan dugu. Otoitz hori goizeko bostak eta laurden aldera egiten da, azken egunetan, eta etxeratze agindua goizeko seiak arte indarrean zegoenez ezin izan dugu ohi bezala egin. Gaueko otoitza ere oso garrantzitsua da, justu Ramadan garaian egiten dena baita. Hori ere ezin izan dugu egin eta bigarren urtea da dagoeneko, aurreko urtean ere ezin izan baikenuen egin.

Nolakoa izan da zure egunerokoa Ramadan garaian?

Urte hau nahiko xelebrea izan da, aurrekoa baino xelebreagoa, esango nuke. Hala ere jendeak ez du asko nabaritu. Azken batean Ramadana zure burua hobeto ezagutzeko, gogoeta egiteko hilabete bat da musulmanontzat. Norbere burua hobeto ezagutzekoa. Aurten, ordea, zaila izan  da hori egitea. Eguneroko bizitzarekin aurrera egin behar izan dugu baina era berean neurri murriztaileak bete.

Bestelakoan goizeko bostak aldera esnatu naiz, zerbait gosaldu eta lehenengo otoitza egin dut korana apur bat irakurtzearekin batera. Ondoren ohera berriz goizeko bederatziak ingurura arte nire kasuan. Goizean zehar ikasi eta eguneroko lanak egin ditut eta arratsaldez unibertsitatera joan naiz. Arratsaldez izan ohi ditut klaseak eta berandu bukatzen dut han, zortziak aldera. Azkoitira zortziterdiak aldera iritsi ohi naiz. Normalean baraualdia bederatziak aldera apurtzen dugu, orduan azken ordu erditxo horretan etxean laguntzen dut azken prestaketak egiten eta ondoren, bederatziak aldera baraualdia apurtzen dugu. Etxean, familia giroan afaldu eta ondoren gaueko otoitza ere etxean egin dugu familia artean.

Afari horretan, oker ez bagaude, bada jaki berezi bat. Salda moduko bat, ezta?

Bai baina marokoarrentzat soilik e! Ez da musulman guztien ohitura. «Harira» du izena eta fideoekin eta egiten da, oso goxoa da. Musulmanen artean Ramadan garaian leku bakoitzean jaki berezi bat prestatzen da eta «Harira» marokoarren kasuan prestatzen dena da.

Bakoitzak hobetzeko edo bizitzako zein puntutan dagoen jakiteko balio dion tartea da Ramadana. Niri, pertsonalki, nire burua nola dagoen jakiteko balio izaten dit

Zuretzat Hafsa, zer da Ramadana?

Urtero pertsona bakoitzak ezberdin bizitzen duen denbora tartea da.  Berez, bakoitzak hobetzeko edo bizitzako zein puntutan dagoen jakiteko balio dion tartea da. Niri, pertsonalki, nire burua nola dagoen jakiteko balio izaten dit. Urtero gogoeta egin eta pentsatzen dut «aldatu naiz?», «bizitzan aurreraka ari naiz edo kateatuta nago?». Oker zer egiten ari naizen konturatzeko eta azken Ramadanetik aldatu ote naizen jakiteko baliatzen dut nik eta ez erlijioari dagokionez bakarrik; familian edo neure bizitza pertsonalean ere bai, besteak beste.


Hafsa Fenehara Ouerdi

Azkoitia aipatu duzu. Zu bertan bizi zara, azkoitiarra zara. Hala sentitzen zara?

Bai. Azken batean, ni sei urterekin iritsi nintzen Azkoitira. Badakit nire jatorria Marokokoa dela eta harro nago horretaz, baina hemen hazi naiz eta hemen bizi naiz. Biak, marokoarra eta azkoitiarra sentitzen naiz.

Zure ingurukoei Ramadana egiten ari zarela esan diezunean, nola hartu dute?

Lagunak azkenean, inguruan ditudanak, betiko lagunak dira eta informatuta daude. Beti dago, ordea, despistaturen bat, kafe bat hartzera edo gonbidatzen zaituena. Asko errepikatzen den esaldia hau da: «urik ere ezin duzu edan?», ba ez! Baina behin azalduta ez dut inolako arazorik izaten.

Ez da ohikoa dena den, inguruan musulman bat izatea. Ulertzen dute ingurukoek musulman izatea?

Egia da Espainiako Estatuko beste leku batzuekin alderatuta musulman gutxiago dagoela Euskal Herrian. Nik neure esperientziatik soilik hitz egin dezaket eta esango nuke inguruko jendearen artean kuriositatea pizten duela eta guztiek errespetatzen dutela. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean ez dut arazorik izaten.

Emakumezko musulmanen ezaugarrietako bat da buruan zapia eramatea. Sortu dizu horrek arazorik?

Nik 14 bat urte nituenetik daramat eta nik neuk erabaki nuen hala egitea. Oztopoak zapiagatik beragatik ez ditut izan, inguruko jendeagatik baizik. Denek ez dute onartzen ezberdintasun hori; irakasleren batekin edo lankideren batekin gertatu izan zait, adibidez, komentarioren bat edo egitea.

Esan dizute inoiz kentzeko?

Bai, askotan.

Nola liteke Frantzian izandako eraso bategatik nik sufritu beharra? Jihadistek islama defendatzen dutela esan dezakete, baina hori ezin da izan islama, islamaren printzipioetako bat bakea baita

Beste aurreiritzi bat da askotan errepikatu izan dena, musulmana eta jihadismoa nahastearena. Zuk nabaritu izan duzu hori inguruan?

Noski. Erasoren bat egon den bakoitzean lehenengo biktimak erasotuak eurak dira baina bigarrenak munduko musulman guztiak. Erasoren bat egon ostean, etxetik atera eta herri osoa zuri begira daukazu, «hara, hemen da terrorista», eta nik ez daukat inolako zerikusirik. Nola liteke Frantzian izandako eraso bategatik nik sufritu beharra? Jihadistek euren erabaki propioz egiten dute eraso. Islama ez da denontzat berdina. Azkenean bakoitzak gauza asko esan ditzake. Haiek islama defendatzen dutela esan dezakete, baina gauzak nahastu egiten dituzte, hori ezin baita izan islama, islamaren printzipioetako bat bakea baita.

Gaur Ramadaneko azken eguna da. Egingo duzue ezer berezirik?

Berez Ramadaneko beste egun bat bezala da. Baina azken baraualdia haustetik aurrera ospakizunekin hasten gara. Biharko ospakizunerako prestaketa egiten da batez ere gaurko egunez. Etxeko gauzak prestatu, otorduak ere bai... Kontuan hartu bihar gosalduko dugula berriz hilabeteren ostean.

Jaurlaritza Logoa