En direct

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria

Ane Labaka Mayoz: «Jabetu behar dugu umorea ere eraikuntza sozial bat dela»

Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren bederatzigarren alea kalean da: Ane Labaka Mayoz, bertsolari eta idazlearen 'Algara mutilatuak, umorearen aho bikotasunaz, feminismotik' saiakera. Idazleak aurkeztu digu lana kultur tartean.

Audio_placeholder

Ane Labaka Mayoz: «Jabetu behar dugu umorea ere eraikuntza sozial bat dela»

Loading player...
Jule Goikoetxea eta Ane Labaka, Lisipe bildumaren azken alearen aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU)
Jule Goikoetxea eta Ane Labaka, Lisipe bildumaren azken alearen aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Emakumeari edo edozein pertsonari egin dakiokeen anputazio gordinena umorea, barrea, ukatzea da. Berarekin, berataz, beretzako… eta deklinabideko kasu guztietan, ezin barrerik ere egina. Algara, irria, zirika, ukapen latzegiak dira. Gaixotasun larria gizarte itxuraz osasuntsu baterako. Irribarre erdia baino ez dakigu egiten». Maialen Lujanbioren hitz hauek jasotzen ditu besteak beste Ane Labaka Mayozen 'Algara Mutilatuak' saiakerak. Galdutzat jotzen den irribarre erdiaren bila aritu da idazle eta bertsolaria lan honetan, galdu baino kendu egin digutela sinetsita.

Umoreaz hitz egitean, defentsak jaisteko joera izaten dugu,  umoretik datorren guztia natural onartu beharko bagenu bezala. Baina umorea ere eraikuntza sozial bat da, boteretik gertu dagoena, indar-harremanen erakusle eta horretaz jabetu gaitezen garrantzitsua da Labaka Mayozen iritzitan.

Mutilazioaren ideiaz ari da saiakeran Ane Labaka Mayoz, eta horretan zer esan handia du emakumeongan, txikitandik horrenbeste aldiz entzuten dugun esaldi honek: ez zaitez nabarmendu. Asko dago esaldi horren atzean, finean emakumeak esaneko, otzan, diskretu eta batez ere neurritsu izateko hezi izan gaituztela.

Usoa Anduagarena da liburuaren hitzaurrea. Liburuaren edukia berriz lau atal nagusitan banatu du idazle eta bertsolariak: umorearen joko arauak, umorearen noranzkoak, umorearen mugak eta jendaurreko umorea.

 

Jaurlaritza Logoa