En direct
Momentu bat egon zen historian non mapak zuri zeuden eta europarrik ez zen lurralde exotikoetatik pasa. XIX. mendearen erdialdean, kolonialismoaren eta inperialismoaren pentsamoldearekin lurralde ezezagunak zeharkatzen hasi ziren eta begi horiekin ulertu behar ditugu haien istorioak. Esploratzaileak izan ziren euren oinekin mapa hauek marraztu zituztenak, baita idatziz utzi ere euren esperientzia eta abenturak.
Gizon esploratzaile asko ezagutzen ditugu, haiek izan baitziren hori egiteko aukera eta baimena izaten zuten bakarrak, eta hori goraipatu izan dute beti historialari gizonek, historiako zati handi bat euren pertzepziotik iritsi baitzaigu irudimen kolektibo konkretu bat eraikiz. Baina egon ziren emakumeak ere, abentura hauen arriskuez gain gizartearen oniritzirik gabe mapetan azalduko ez ziren bideak ere ireki zituztenak.
Orduan, emakumeak gizonak baino gaitasun gutxiagoko gizakiak zirela ulertzen zen garai horietan, adorea erakutsi zuten gizarteari aurre egiteko. Akaso, lurralde misteriotsuetako hostotza itxiko basoak baino beldurgarriagoa zen emakumeentzako eguneroko bidegabekeria hori.
1860 urtean, `Le Tour du Monde´ aldizkariak, lau emakume esploratzaileren kontakizunak jaso zituen, eta horri esker gaur gurean izan ditugu Ida Pfeifer, Lisa Barbier, Alexandrine Tinne eta Florence Von Sass. Bestelako errealitate baten protagonistak izanik, beste ikuspegi bat ere bazutela agerian gelditu zen eta horren inguruan solastatzeko, Eider Arruti Sanchez, Zumalakarregi museoko Hezkuntza eta Komunikazio arduraduna, elkarrizketatu dugu Bigarren Kafean.
Bertakoenganako begirune berezi bat
Adibidez, Ida Pfeiferrek bidaiatzearekin eta mundua ezagutzearekin amestu zuen bere bizi osoan. XIX. mendean emakume izatea ez zen batere erraza eta seme-alabak handitu eta 45 urteko alarguna izan arte itxaron behar izan zuen bidaiatzen hasteko. Sekulako emakume trebea zen; kasik sosik gabe, ezagutzen zuen jendearen etxean geldituz, gaur egungo `motxilero´ gisa arituz ezagutu zuen mundua. Ez behin, bi aldiz.
Bera bakarrik ibili zen munduan barna eta kulturetan integratu zen, jendeak etxean hartu baitzuen. Bere lehenengo bidaian ezezaguna zen erabat, baina bigarren bidairako laguntzak eta babesak izan zituen. Elkarte geografikoetan onartutako lehen emakumea izan zen.
Lisa Barbier, aldiz, paristarra zen, musikaria, baina ez zen ohiko biolontxelista; bidaiaria zen. Europan zehar ibili zen, lurralde izugarri gogor eta bortitzak pasatu zituen gurdiarekin, trineoan, ahal zen moduan. Musika jotzen zuenean basatiak lasaitzen zirela esaten da. Gaixotu eta Siberian amaitu behar izan zuen bidaia. 20.000 kilometro egin zituen, musika bidelagun beti.
Begirune berezi bat erakutsi zuten bertakoenganako, hori komunean dute lau emakume esploratzaile hauek. Haien eskubideen alde borrokatzeko grina ere erakutsi zuten.