En direct
'Non dago Mikel? dokumentalarekin banaketak eta martxoa amaieran estreinatuko den 'Ni naiz naizena' websailaren zuzendaritza eta ekoizpen lanetan eman ditu azken boladan lan ordu gehienak Izaskun Arandiak. IZAR Films ekoiztetxeko sortzaile, Amaia Merinok eta Pituk zuzendutako lana esku artean izan zuen lehen unetik jakin izan zuen primerako materiala zela. Hala ere, aurrikusitako arrakastaren langa hautsi du lanak Arandiaren esanetan: «Euskal Herrian harrera beroa izango zuela pentsatzen nuen, baina Espainian halako jarraipena izango zuenik inondik inora ere ez».
'Ni naiz naizena' berriz, 10 trans pertsonen esperientziei buruzko dokumental websail bat da. GEHITU Elkartearen lankidetzarekin egindako ekoizpena, 10 minututako 10 atalez osatua dago eta atal bakoitza pertsona desberdin baten inguruan izango da. Websailerako apropos sortutako webgune batean zabalduko da martxoaren 30ean hasi eta astero astero.
Izaskun Arandiaren eskuetatik pasatako bi proiektu hauek, zuzendari, ekoizle eta gidoilari honen lagin bat baino ez dira. Bere proiektu guztietan begirada feminista batetik lan egiten saiatzen da. Horrek bi alde gutxienez ikutzen ditu: bata lantaldea parekidea izatea, bestea, edukietan agertzen diren emakumeak, egungo benetazko emakumeak, emakume normalak izatea.
(H)emen elkarteko sortzaileetariko bat izan zen Arandia, «beharretik sortu zen proiektua, sektorean genbiltzan emakumeok elkarren berri izan, ikustarazi eta elkarrekin harremantzeko beharretik». Bide horretan urratsak eman diren arren oraindik asko dago egiteko, eta horretan zer esan handia dute etorkizuneko belaunaldiek. Irakasle lanetan ere aritzen da Izaskun Arandia, Mondragon Unibertsitatean, «lezio berarekin ekiten diot ikasturte bakoitzari, beti ˝txapa feminista˝ bat botatzen diet, ohar daitezen berdintasunerako bidean zenbat dagoen egiteko, eta beraien proiektuak, lanak burutzerakoan horren kontzientzia izan dezaten».
«Emakumeen ikuspegitik istorio ederrak kontatzen dira, pantaila handian arrakasta duten lan askoren atzean emakumeak daude, publikoak jakin ez arren» bada jakinarazteko garaia.