En direct

Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Entrevue

Soinu, musika eta hitz bidaia bat XIX.mendeko Barkoxera

'Gaztelondon zer berri. Etxahun' ikuskaria oholtzaratuko dute Mixel Etxekopar, Dominika Rekalt, Pierre Vissler eta Jean Christian Galtxetaburuk martxoaren 23an Bilboko Bidebarrieta Liburutegian Loraldiaren baitan. Mixel Etxekoparrek azaldu dizkigu emanaldiaren  nondik norakoak kultur tartean.

Audio_placeholder

Soinu, musika eta hitz bidaia bat XIX.mendeko Barkoxera

Loading player...

Aste hauetan zehar bada zertaz goza Bizkaiko hiriburuan, martxoaren 23an esate batera Mixel Etxekopar, Dominika Rekalt, Pierre Vissler eta Jean Christian Galtxetaburu oholtzaratuko dira Bidebarrieta liburutegian, 'Gaztelondo zer berri. Etxhaun' ikuskariarekin. Kultur tartean  izan da  hain zuzen ere Mixel Etxekopar.

Pierre Topet, ezagunagoa Etxahun ezizenez, Barkoxen  1786an sortu zen koblakariaren  bizitza dakar gogora ikuskariak. Etxahun poeta erromantikoa izan zen eta berak sorturiko bertsoek eta kantuek garrantzi handia eskuratu zuten jende artean. Minetik eta tristuratik, idatzi zituen bere olerki eta bertso asko, Mixel Etxekoparrek azaldu digunez, bizi izan zuen bizimodu garratzaren ondorio: sortu zuen amaren maitasunik jaso gabea, maite ez zuen emazte batekin ezkondua, eta behin baino gehiagotan espetxea ezagututakoa.

Baina kabaret itxurako emanaldi honetan, tragediak bezala, komediak,  umoreak ere badu bere lekua. Etxahunen kantagintza eta biziaren giroa plazaratzen du ikuskariak. Bidaia hori egiten laguntzen dute Barkoxen bertan  hartutako soinuek. "Gaztelondo"   Barkoxeko auzo bat da, eta garaiko bertako bizimoduan barneratzeko aukera ematen du ikuskizunak, musika, hitzak eta kantuak uztartzen dituelarik.  Kantu ezagun batzuk entzun daitezke bertan, 'Urxapala' edota 'Mundüan malerusik' kasu,  eta hain ezagunak ez diren beste zenbait, esate batera, 'Montebideorat joaileak'.

Urepeleko Xalbador egunean plazaratu zen ikuskari berri hau, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian ikusi ahal izango da Loraldia Festibalaren baitan. Martxoaren 23an da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan.

Jaurlaritza Logoa