En direct

Naiz Irratia

Ondra, Haxotz, Ezpalak eta Konpost taldeak martxoko 'Beste Bat' saioetan

Martxoan ere 'Beste Bat' saioek ez dute hutsik eginen. Banda hilabetea izango da: Ondra, Haxotz, Ezpalak eta Konpost arituko dira astelehenetik ostegunera Naiz Irratiako bazkalosteak girotzen.

Audio_placeholder

Ondra, Haxotz, Ezpalak eta Konpost taldeak martxoko 'Beste Bat' saioetan

Loading player...
Martxoko Beste Bat saioak
Martxoko Beste Bat saioak

Martxoan lau banda arituko dira Naiz Irratiko 'Beste Bat' saioak egiten. Ondra donostiarrak, Haxotx bilbotarrak, Konpost Gasteiztarrak eta Ezpalak Zestoarrak. Ohiko ordutegia mantenduko dute  'Beste Bat' saioek, astelehenetik ostegunera, arratsaldeko hiruretan egingo dute musikariek kantu hautaketa.

Ondra talde donostiarraren esku geratuko dira 'Beste Bat' saioak martxoko astelehenetan. Estilo desberdinen nahasketa eta energia gosea daude Ondra taldearen jatorrian, hala kontatu zigun Peru Arregik Musika Pilulak podcastean.  'Su itzaletan' dute aurkezpen lana, taldearen bi urteko ibilbidean ondutako kantuak biltzen dituena. Garairik errazena ez da izan hau grabatzeko, baina hor ere izan du talde donostiarrak zer ikasi.

Astearteak Haxotz taldearenak izango dira. Hamarkada batetik gora aritu dira bilbotar hauek eszenatokietan egurra banatzen. Urteek on egiten dietela dirudi, arlo artistikoan behintzat momentu ona pasatzen ari baitira, berriki kaleratu dute diskoa: Lore Hilak. Hardcore melodikoa da haiek gehien lantzen dutena, baina doinu lasaiagoak ere baditu disko berriak, hala aitortu zuten Musikharia saioan.

Asteazkenetan Ezpalak taldeak hartuko du lekukoa. 2019an sortu zen Ezpalak taldea, beste hainbat taldetako kideekin, hala nola Voltaia, Los Moths edo Grises-eko kideekin. 2020. urte gorabeheratsua gaindituta, Ezpalak taldea bueltan da berriro, eta udaberri honetan argitaratuko du estudioko bigarren albuma. Lan berria kaleratu bitartean, Naiz Irratian izango duzue haiekin gozatzeko aukera 'Beste Bat' saioetan.

Gasteizko Konpost taldeak paratuko dio ginda asteari. Ostegun gasteiztarrak izango ditugu martxoan. Taldea dela hiru urte sortu bazen ere kaleratzear dago haien lehen diskoa, martxoaren 13an egingo dute 'Erraia'-ren aurkezpena Jimmi Jazz aretoan. Oraingoz kantu aurrerapen bat kaleratu dute: 'Emak Bakia'.

Lau kidek osatzen dute Konpost, Ruben Sanchez idazle eta bertsolaria da abeslaria, eta ondoan ditu eszenatokian eskarmentua baduten RIP taldeko bateria-jotzailea izandako Txerra Bolinaga, Bingen Mendizabal konpositore eta Hertzainak taldeko biolin-jotzaile ohia eta Jon Aranburu Stockholm S taldeko gitarra-jotzailea.

Jaurlaritza Logoa