En direct
Unai Pelayo ‘Pelax’-ek ibilbide luzea egin du musikan bere azken lana den ‘Burrundaria’-ra iritsi baino lehen. Hamasei urte zituela hasi zen zuzenekoak egiten bere lehen taldearekin, gitarra jotzen hasi berri zela. Lagunartean sortutako taldea zen eta pozik gogoratzen ditu garai haiek musikari donostiarrak.
Aurrera jarraitu zuenean Unai Pelayo izatetik ‘Pelax’ ezizena erabiltzera pasa zen eta MusikHarian emandako elkarrizketan azaldu du ezizenaren jatorria: «Futbolean jokatzen nueneko ezizena da, eta zabalduz joan zenez nire egin eta bakarkako biderako erabili dut».
Pelax proiektua sortu zenerako, ordea, bazuen eskarmentua koadrilako taldetik. Donostiarrak aitortu du «talde dinamikan eta musika munduan lana egiten ikasi» zuela horrela. Hartara, bizitzaren legeak taldea desegin zuenean, proiektu pertsonalari ekin zion.
Rock & roll generoa oinarri hartuta egin du bere musikako ibilbidea Pelaxek. Bakarka 2014. urtean lehen EPa argitaratu zuen, ‘Pillotegiko saioak’ eta jarraian ‘Bi Anai’ diskoa etorri zen. Urtebete beranduago ‘Cowboy's Orchestra Saioak’ argitaratu zuen eta 2017. urtean ‘Talkak egiten du didaktika’ lana.
Pelaxen azken hiru lanak 2019. eta 2020. urteen artean etorri ziren. 2019an elkarrekin lotura duten bi lan aurkeztu zituen, ‘A-B’ eta ‘D-E’. Elkarrizketan azaldu du bi lan horiek binilorako pentsatuta daudela, hizki bakoitzak biniloaren alde banari ematen dio izena, «baina elkarren jarraian egindakoak dira, musika estilo desberdinarekin. Ez dira elkarrekin kaleratutakoak, hau da, ez da bitan kaleratu den binilo laukoitza, nahiz eta estetikoki itxura mantendu», argitu du Pelaxek. Azken lana Burrundaria izeneko proiektua da. Kontatu du, dokumental bati soinu banda jartzeko harekin kontaktuan jarri zirela, baina, egoeraren ondorioz, dokumentala egitearen ideia bertan behera geratu zela. Hartara, Pelaxek soinu banda hori argitaratzeko erabakia hartu zuen.
Pelaxek bere ibilbideaz hitz egiteaz gainera, gaur egungo egoeraren inguruan ere hitz egin zuen eta argi esan zuen profesionalak ez diren musikari edo musika taldeentzat egoera txarra dela gaur egungoa. «Alternatiba diren talde horiek edo hasi berriak direnek ez dituzte zuzenean jotzeko plazak haien musika ezagutzera emateko eta egoera larria da», salatu du Pelaxek. Eta eszenaren inguruan zerbait badaki, izan ere Gartxot Unsain edota Lide Hernando bezalako musikariei aurrerapausoak ematera animatu zituen bere garaian Pelaxek. Horrez gainera, ‘Balio dute’ kolektiboaren sustatzaile eta partaide ere bada. Erreferentzia interesgarriak kaleratu dituen zigilua.
Pelaxen bandcamp orrialdean entzun dezakezue gaur arte kaleratu duen guztia.