En direct

Bigarren Kafea

Ama hizkuntzak baditu hamaika doinu

Audio_placeholder

Ama hizkuntzak baditu hamaika doinu

Loading player...
Ama-hizkuntzaren doinuetan.
Ama-hizkuntzaren doinuetan.

«Euskara putzu sakon eta ilun bat zen» idatzi zuen Gabriel Arestik, musikatu zuen Urkok eta abestu izan dugu euskaldunok urte luzeetan. «Ur gazi bat atera» zuten, genuen eta dute haizearen kontra. 

'Euskal Herrian euskaraz' aritu gara, egin dugu hitz, jolas eta lan. Horrela abestu zizkigun Oskorrik Xabier Amurizaren hitzak. 'Euskal Herrian Euskaraz', 'Euskara da Euskal Herri' kantatu eta kontatu ziguten Altsasuko ikastoletako gaztetxoek. Esne Beltzak abestu zigun zein luzea den euskaraz bizitzeko ditugun pertsonen eta lekuen zerrenda euskaraz bizi nahi badugu «gau eta egun». Eta euskaraz bizi 'Nahi Dut'.

«Ausardiaren hegoak astinduz» «piztu genuen euskara». 'Akelarretan' elkartuko ginela 'Hitzeman' genuen. Ez ginen «zirriborro bat, deskarte zikin bat, Laboaren orrietan. Behe-lainoa, galdutako hitzak», bai baina «egin genuen hegan Kantauri itsasotik ikusmugetara». Ez dizkigutelako inoiz hegoak ebakiko. Akelarretan elkartu ginen eta 'Baga, Biga, Higa' abestu genuen Mikel Laboaren musikaz, berak jarri baitio musika euskarari, eta euskara musikari. 

Euskal Herrian hamaika gara, Ken Zazpi bertan ez ditugunak kontuan hartuz, baina Bi Bala gehituz, zazpi lurraldeekin batera, Ez Dok Amairu. Eta ez Dok Amairu, hamahiru baino gehiago garelako, herri oso bat gara, asko eta bat. 

«Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara». Baina baziren arrebak, lehengusinak, izebak, amonak, lagunak. 'Erre Zenituzten Sorginen' oinordeak eta irrifarra». «Utzidazu kontatzen izarren artean», nola etorri ziren den-denak. Nola eskatu zieten oihukatuz izar galduei haien negar malkoek ernal zezatela lurra eta negua joan zenean 'eurek piztutako sutan erreko ziren berriz. Eurek, emakumeek, gure amonek, gure amek, bai eta Izarok, Aiorak edo Anarik kontatu eta kantatu digute euskaraz beti.

Tradizioa erro eta gazteak tinko bereari, batzuetan ahaztu egiten zaigu euskarak ere badituela aukerak, aurrera pausuak. Leteren «zazpi senideko famili» batetik J. Martinaren «mahaiaren bueltan familia bat, asko ziren baina ez dut gogoratzen zenbat» abestera pasa gara. Mikel Urdangarinek bere 'Non Geratzen Den Denbora' baliatuz 'Denboraren Atea' ireki du Kai Nakairekin koplak eta rapa abesteko. 

Denok osatu dugu gaurko gure herria, Txomin Artolak abesten zizkigun 'Aberriaren Mugak', euskararenak, hautsi eta 'Lau Haizetara' abestu eta hitz egin dugu euskaraz, 'Aitorren Hizkuntz Zaharra' nahi baitugu zabaldu, «zein hizkuntza ederra euskera guria». Zein ederra, zein aberatsa, zein geurea. 

Geurea eta nahi duenarena, nahiz eta askok ez duten nahi, ez eurentzat ez guretzat. Baina, esaiguzu, 'Begitara Begira' «hizkuntza hau ez dela geurea» esaiguzu «herri faltsu bat izan dugula maite».  «Euskal Herrian gaude ta ze uste dute?», «gure txikitako kantak, kanta ederrenak, euskeraz ziren gehienak». Eta guk egin dugu aukera jalgi ginen euskaraz, erdera lagaz. 

Euskararen hautua guk egiten dugu, baina askotan ze polita den euskarak gu aukeratzen gaituela pentsatzea. Etxean entzuten ikasi, ze polita ama hizkuntza. Etxean entzun gabe ere euskaraz aritzea, ze polita nortasuna. Euskaraz bizi, euskara bizi. Zein polita euskara.

Jaurlaritza Logoa