En direct
Covid-19aren intzidentzia tasa oso altuarekin bozkatzera behartuak izango dira kataluniarrak otsailaren 14an. Testuinguru horretan «pandemiak hauteskundeak nabarmen baldintzatuko» dituela uste du Zalduak. Eta bi arlotan baldintzatuko ditu. Alde batetik, Salvador Illa joko politikoan sartu delako, eta urtebetez pandemiaren kudeaketaren arduradunetako bat izan ostean, herritarrek kudeaketa hori saritu ala zigortuko dutelako. Eta bestetik, «pandemiak parte hartzean izan dezakeen eragina» nabarmendu du kazetariak. Portugalen esaterako urtarrilaren 24an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak, eta parte hartzea eskasa izan zen, %40 ingurukoa.
Hala ere, Illa efektua baretu dezakeen beste elementu bat jarri du mahai gainean Zalduak, buruzagi independentista presoen ekarpena, 3. gradua jaso ostean. «Oraindik ere presoak diren buruzagi hauek kanpainan parte hartzeak, pandemiaz harago, Kataluniak bizi duen salbuespenezkotasuna erakutsi dezake» dio GARA eta NAIZ-eko kazetariak.
Salvador Illak eskuratzen duen babesarekin batera, ERC eta Junts per Catalunyaren arteko leihak bereganatzen du interes guztia. Zentzu horretan, zaharrak berri. Inkestek ERC kokatzen dute aurretik, eta Zalduaren arabera, «programa osoagoa» dute, baina aurrreko hauteskundeek erakutsi zuten Junts-ek kanpainak hobeto antolatzen dituela eta kanpaina on batek, programa osoago bat estali ahal duela.
PDeCat ala CUP bezalako alderdi txikiagoek lor dezaketen babesa gora-behera, Salvador Illa (PSC), Pere Aragones (ERC) eta Laura Borrasen (Junts per Catalunya) arteko lehian jarri du azpimarra. Illak haustekundeak irabaztea ez du baztertzen Zalduak, «ezin dugu ahaztu 2017an Ines Arrimadasek irabazi zituela». Hala ere, hauteskundeak irabazi arren, agintea eskuratzea zail izango luke Illak, eta gakoa bi alderdi independentisten arteko babesa izango dela gaineratu du Beñat Zalduak.