En direct

Kristina Aranzabe eta Leire Leturia, bizitza erdia elkarrekin abesten

Villabonan sortutako bikotea da Kristina Aranzabe eta Leire Leturiak osatzen duena. Elkarrekin daramate abesten azken 15 urtetan. Biak hasi, gero Lain taldea sortu eta egun hirugarrenentzat aritzen dira elkarrekin abesten dutenean. Gazteak diren arren, oholtzetako beteranoak direla esan genezake.

Audio_placeholder

Kristina Aranzabe eta Leire Leturia, bizitza erdia elkarrekin abesten

Loading player...
Urte asko elkarrekin daramaten arren gogotsu jarraitzen dute Aranzabek eta Berasaluzek kantuan.
Urte asko elkarrekin daramaten arren gogotsu jarraitzen dute Aranzabek eta Berasaluzek kantuan.

«Urte asko elkarrekin ezta Pitxi?» Hori izan da noiztik dabiltzan elkarrekin galdetu eta Leire Berasaluzek Kristina Aranzaberi egindako galdera. ‘Pitxi’ deitzen dio umetatik hala deitu diotelako; berari, berriz, ‘Letu’ deitu izan diote. Eta horrela ezagutu genituen askok, Pitxi eta Letu bezala, YouTubeko bideo bati esker, YouTube bera sortu zen garaian.

Publikoki lehen emanaldiak 2006an egin zituzten Oinkari dantza taldearen aurrean eta urtebete beranduago igo zuten ‘Zure doinua’ kantuaren bideoa. «Eta oraindik jarraitzen dugu, ez gara nazkatu», gaineratu du Aranzabek. Egun milioi erditik gora ikustaldi dituen bideoa da eta garai hartan birala izan zen. «Dantzako entseguaren aurretik eguzkia hartzera joan ginen Villabonako parke batetara eta lagun batek grabatu zigun, beranduago esan zigun YouTube plataformara igo zuela, guk hori zer zen ere jakin gabe. Orduan nahikoa lan izaten genuen internetera konektatzeko, gurasoen baimenak lortuz eta abar. Bat batean sekulako oihartzuna eduki zuen bideoak. Dena hain azkar pasa zen, ezen asimilatzeko denborarik ere ez genuela izan orduan», kontatu digu Villabonako bikoteak.

Handik Lain taldea sortu zuten eta Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten, aurretik aipatutako bideoa grabatu eta urtebetera. «18 urte ere ez genituen eta bilatu gabe etorri zitzaigun maketa lehiaketako sariarena. Modu oso zelebre eta azkarrean etorri zen dena eta erantzuna ere azkar eman behar genuen. Harro gaude hartu genuen erabakiaz, baina orain akaso beste modu batetara egingo genukeen», aipatu digute. Lehiaketa irabazi eta Bilbao Live Festivaleko oholtzara igotzeko aukera izan zuten Lain taldearekin: «Freskotasun inozente bat genuen eta horrela igo ginen Kobetamendiko oholtzara. Ez zegoen jende asko itxuraz, baina badakigu han zenbat jende biltzen den, gainera, atzerrikoak ziren asko. Ordutegiari eta halako kontuei ez genien garrantzirik eman. Aurretiko prestakuntza ere ez zen oso berezia izan, kontzertu hark eta herri txiki bateko plazak garrantzia bera zuen guretzat, denak ziren berdinak», aipatu digu bikoteak.

Proiektu propioetatik besterentzat lan egitera
Lain garaia baino lehen etorritako taldea zela galdetuta, baiezkotan dira. Rocka nagusi zen garaian musika poperoagoa egin zuten eta egindako lanek gaur egun beste onarpen bat izango zuten. Baina egindakoa eginda dago eta bukaera «polita» eman zioten proiektu harri. Gerora, ordea, beste hainbat kontutan aritu izan dira. Telebistan ere ikusi genituen ‘Tumatxak’ sai
oan hainbat abestiren bertsioak egiten. «Lander Garrorekin halako maitasun-gorroto istorio bat sortu zen, nahiz eta egun asko maite dugun. Ohituta ez ginen erregistroan edota guretzako egokitzen ez ziren kantuak moldatu genituen eta polita izan zen, baina lana eskatzen zuen», gogoratu du bikoteak. Gerora, Et Incarnatus taldearekin eutsi zioten elkarrekin abesteari eta egun beste proiektu berrietara zabaldu da elkarren arteko jarduna.

Joseba Tapiak azken lanerako, ‘Tranpaldo’ proiekturako deitu zien biei. Aranzaberentzat mundu guztiz berria izan da trikitiarena beti hain gertu eduki duen arren. Hala, Tapiarekin egiten ari dena «sekulako ikaskuntza prozesua» ari da izaten Villabonako abeslariarentzat: «Ez gara ahots nagusia, koristak gara eta lau ahots guztiz desberdin elkarrekin abesten egotea ez da aurretik egiten genuena. Leirekin ohituta nintzen bikotean abestera, baina hemen asko ikasi behar izan dut eta lana egin gogotik. Hortaz, zorrotz jardun behar de arren, asko gozatzeko aukera ematen du egiten dugunak. Esan beharra dago Tapiak asko errazten dituela gauzak. Zu asko ixten bazara eta gehiegi kontzentratu eta estutu zure jardunean, lasai, hark gozarazten lagunduko dizula», nabarmendu du Aranzabek.

Trikiti munduan Tapiarekin hasi eta, gerora, Korrontziren ‘Koplariak’ diskoan parte hartzeko ere deitu zieten. Dena dela ez dabiltza zuzeneko emanaldietan, hainbat aurkezpen saiotan baino ez dira izan, disko horretako 7-8 kantutan abesten baitute. «Estilo desberdinetan aritzeko aukera eman digute proiektu hauek. Jazzeroagoa da Tapiaren estiloa eta folk estiloetara gehiago gerturatzen da Korrontzirena. Egia esanda oso pozik gaude egin dugunarekin. Akaso bihurtuko gara trikitilarien musak», aipatu dute umorez.

Beste bat saioetan asko disfrutatu dugu haiekin. «Entzuleek esango dute pitzatuta gaudela eta oso estilo desberdinak jorratzen ditugula, pixka bat eklektikoa ere izan daiteke gure saio bat entzutea. Konplexurik gabe egin dugun zerbait izan da eta disfrutatzeko espazio bat eskaini digu Naiz Irratiak», adierazi dute Aranzabek eta Berasaluzek.

Saioetako batean aukeratu zuten ‘Irudimenaren orratzetik’ kantuaz galdetuta, kontatu digute kantu txapelketan aurkeztu nahi zutela baina beste batek abestu behar zuela jakitean, alboratu egin zuten. Esperientzia horren bueltan ere hitz egin dugu MusikHaria saioan. Izan ere, kantu txapelketetan parte hartutako asko dira gero bidean geratzen direnak edota egun hain ezagunak ez diren musikariak. «Gure garaian ibili zirenen artean, esaterako Iñar Sastre zegoen. Garai hartan Irurako piano-jotzaile, abeslari eta bateria-jotzailea zen guretzat, oso ona. Egun pianoarekin jarraitzen du, jazzaren eta inprobisazioaren munduan, Parisen ere egon da… Baina akaso askok ez du ezagutuko. Bea Asurmendi, Idoiaren ahizpa, ere gure garaikoa da. Ordurako atentzioa ematen zuen eta ondo gogoan dugu nola kantatu zuen Ken Zazpiren ‘Malen’ abestia. Musikaren bueltan jarraitzen du eta uste dugu egun Londresen bizi dela», diote Villabonako abeslariek.

Esan dugun moduan, besteen proiektuetan ari dira lanean eta momentuz horri eusteko asmoa dute, garaiak hori agintzen dielako. Baina elkarrekin entzun ditugu ‘Begi nini ñimiñoa’ kantuaren bertsioa egiten, haientzako oso kuttuna den abestia. «Kantu bat grabatzeko enkargua eman zigun Villabonako Udalak, modu librean. Kantu hau oso gogoko genuen eta Leirek Tapiaren abestiari Carlos Nuñezek berreskuratutako Galiziako kantu zahar batekin nahastearen ideia izan zuen. Bi kantuei omenaldia egiteko modua izan zen», bukatu dute Pitxik eta Letuk.

Jaurlaritza Logoa