En direct
Pandemia honek bertan behera utzi ditu herri eta auzoetako festak, elkartasun ekimen denak, eta horiek guztiak beharrezkoak dira dispertsioak eragindako zulo ekonomikoari aurre egiteko. Horregatik, modu batera edo bestera, ezinbestekoa zen aurten ere Hatortxu Rock egitea. Eta egingo da, noski. Abendauren 26an, streaming bidez, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoa uztartuko dituen artefaktu berritzaile batekin.
«Ez da erreza interneten gaur egun zerbait erakargarria egitea, baina asmatu dugu» baieztatu du MusikHaria saioan Aitor Agirrezabal Hatortxu Rockeko antolatzaileak. Hatortxu Rockekoek badakite aski ongi zer den festibalak antolatzea, ehunka lagun lanean jartzea, eta guzti hori koordinatzea, baina aurten, pandemiaren ondorioz, erabat aldatu behar izan dute orain arteko eskema. Lan talde txikia baina oso kualifikatua jarri dute lanean 24. Hatortxu Rock berezi honetarako.
Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek Euskal Herriko talde ezagunen hainbat abesti eguneratu dituzte, eta musikarien ardura izango da horiek kantura eramatea. Musikarien ahalegina izugarria izan dela dio Erbitik: «kolaborazioak binaka izango dira eta elkarrekin ezin izan dute entseatu». Prestutasuna erabatekoa izan dela nabarmendu du Arregik ere, hau guztia oso denbora gutxian antolatu dutelako «sprint bat izan da». Gainera gonbidapena luzatzerakoan ez zegoen argi zein izango zen ez joko zelaia, ez amaierako produktua.
Orain, lanak bukatuta Agirrezabalek eta Erbitik diote oso txukun geratu dela abenduaren 26an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera zabalduko den pieza. Zaila da definitzea: musika izango da protagonista baina ez da kontzertu soil bat izango; badu musikatik, badu antzerkitik eta ikus-entzunekotik. Hain zuzen, guztia josten aritu dira Lander Garro eta Erika Olaizola. «Emanaldia borobiltzea izan da beren ardura, jarraipena ematea abestien bidez kontatu nahi dugu horri» azaldu du Agirrezabalek. Urteroko Hatortxu Rocken, kontzertuaren erdian ekitaldia egin ohi da milaka lagunen aurrean, baina festa giroan zaila izaten da mezua nahi bezala iristea, «eta hor aurten aukera berezia dugu» esan du antolatzaileak.
Hatortxu Rock berrituta, baina betiko ardatza alde batera utzi gabe, musikak pisu handia izango du. Euskal Herriko hainbat talderen bertsioak abesten arituko dira Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaya, Lide Hernando eta Alex Sardui. Zetak, Anestesia, Herdoil eta Koban taldeak eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina hirukoteak haien kantu propioak taularatuko dituzte.
«Garrantzitsua zen guretzat ohiko Hatortxu baten irudia eskaintzea. Kontutan hartu ere gure helburua dela ahalik eta jende gehien erakartzea. Hala, musika espektro zabala bildu behar da horretarako. Ez du preziorik ZETAkeko Pello Reparaz oso abesti intimo batean eta jarraian Anestesia bere indar guztiarekin ikusteak. Kontraste horiek herri honen isla dira» esan du Aitor Arregik.
Abenduaren 26an, 18:00etatik aurrera jarriko da ikusgai Hatortxu Rock ikuskizuna eta igande gauerdira arte egonen da ikusteko aukera. Sarrera beharrezkoa izango da noski. Asteburu osoan zehar egonen da sarrera erosteko aukera 12 euroren truke. Behin tiketa erosita posta bidez igorriko da Hatortxu Rock ikuskizuna jarraitzeko helbidea. Eta gomendio hau luzatu digute: «Telebistako entzungailuetatik edota mugikorretik entzunda baino askoz hobeto entzungo duzue kasko batzuetatik. Hartara, ZETAkek bere garaian egin zuen moduan, sarrera bana hartu eta bakoitzak bere kaskoetatik entzutea izan daiteke modu polita. Hobeto entzuteko batetik, eta, bestetik, ekarpen ekonomiko handiago izateko», azpimarratu dute biek ala biek.