En direct
Bi emakume oholtza gainean umorea egiten, bi emakume umoregile, bere bizipenetatik eta egunerokotasunetik sortutako gaiak umorez aireratzen, horixe da motzean 'Luze edo Motz' Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen ikuskizun berria.
Motzean kontatu dugun horrek ordea, luzerako eman dezake, eta ahalegin hori egin dute lan berri honetan bi umoregileek, orain artean oso motz, motzegi, jorratu izan diren gaiei behar duten luzera, lekua eta denbora eskainiz.
Ikuskizun berrian hilekoa, menopausia, ligatzeko kontuak edota sexua izango dituzte hizpide, besteak beste, "emakumeen gauzak" direla eta, ohikoan bazterrean geratzen diren gaiak. Eta umorea da gai hauek publikoarekin elkarbanatzeko klabea. Izan ere, gai hauetaz umorez, barrez hitz egin ahal izatea askabide bikoitza da, bai sortzaileentzat eta baita ikus-entzuleentzat ere.
'Bakean dagoenari bakean utzi' ikuskizunarekin ibilbide oparoa egin ostean (oraindik badituzte emanaldi batzuk lehen ikuskizun honekin ere), ilusioz, gogoz baina batez ere pausu sendoz ekin diote ikuskizun berri honen ibilbideari. Ibilbide hau guztia, ahalduntze ariketa bat ere izan delako Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenarentzat.