En direct

Iker GURRUTXAGA

‘Absurdoen paradisua’, Mila Modu taldearen lehen lana kalean da

Talde oñatiarrak fenix hegaztiarena egin du, nolabait ere bere errautsetatik sortutako taldea baita Mila Modu. Gurean hainbeste jorratzen ez den estilo batekin datoz, pop-rock puruenarekin, euskara hutsean. Ibilbide luze bateko etapa berriari ekiteko kaleratu dute ‘Absurdoen paradisua’.

Audio_placeholder

‘Absurdoen paradisua’, Mila Modu taldearen lehen lana kalean da

Loading player...
Lehen diskoa kaleratu berri du Mila Modu talde oñatiarrak.
Lehen diskoa kaleratu berri du Mila Modu talde oñatiarrak.

Xabi Yaniz da nolabait ere Mila Modu proiektuaren buru egiten duena. Bera izan dugu MusikHaria saioan bisitari eta hasiberriaren ilusioa nabaritzen zaio aurpegian. Hasiberriaren ilusioa bai, baina ez da berria musikaren munduan. Ez bera, ez eta alboan dituen Oscar Arlazon eta Andoni Campos ere. Izan ere 90. hamarkadan elkarrekin aritu ziren Hor Konpon taldean.

Hor Konpon taldeak 95ean esan zion agur eszenari, baina 2017an berriz ere elkartu eta kontzertu batetarako zen kontuak Mila Modu izaten bukatu zuen. Entseatzen jarraitu zuten eta kantu berriak sortzeari ekin zioten. Gainera, kantu berri horiek etxean artisau erara grabatu eta Gaztea Maketa Lehiaketara bidaltzea bururatu zitzaian. «Nor ginen esan gabe bidali genuen maketa eta ustekabean 18 hautatuen artean sartu ginen», kontatu digu Yanizek. Izan ere, hirugarren edizioko irabazleak izan ziren Hor Konpon taldekoak.

Berriz ere garai haiek burura etorri eta biziberritu egin ditu aipamen hark. Hala, ‘Absurdoen paradisua’ diskoa grabatzera sartu ziren Elkar estudioetara. Pop-rock puruenaren bueltan eginiko sei abestiz osatutako lana da Mila Moduk kaleratu duena. Idazle desberdinen testuak izan dituzte kantuen hitzetan, «Oñatin bertan idazle on asko» dituztela aipatu du Yanizek eta hori jaso dute diskoan. Baita Sarrionandiaren ‘Hau da ene ondasun guztia’ poesiarekin kantu bat egin ere.

Baina aipamen berezia merezi duen kantua ‘Boza free’ deiturikoa da. «Oñatin errefuxiatuei harrera egiteko sare indartsua osatu zen eta hor ezagutu nituen tragedia hau bizi zuten hainbat pertsona. Haien bizipenekin kantua egitea erabaki nuen eta haietako birekin itsasoari begira jarrita egin genuen bideoklipa. Oso gogorra bezain hunkigarria izan zen une hura eta kantuaz beraz hitz egitean ere hunkitu egiten naiz oraindik», esan digu Yanizek.

Fenix hegaztia da beraz Mila Modu taldea, bere errautsetatik jaio eta ‘Absurdoen paradisua’ sortu duena. Iraupen luzeko disko laburra.

Jaurlaritza Logoa