En direct

Iker GURRUTXAGA

Teruel gogoan izan du bere kantu berrian Maren abeslariak

Disko berriaren kaleratzea geroz eta gertuago dagoen honetan, aurrerapen kantua luzatu du gaur bertan MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Teruel gogoan izan du bere kantu berrian Maren abeslariak

Loading player...
Datorren astean kaleratuko du Marenek gaur argitara eman duen kantuaren bideoklipa.
Datorren astean kaleratuko du Marenek gaur argitara eman duen kantuaren bideoklipa.

Laster beteko ditu 18 urte Maren abeslariak. Gainera, horretarako, kontzertu berezia antolatu du azaroaren 29an Bilboko Campos Elíseos antzokian. «Prestaketa lanak aurrera doaz baina guztia zintzilik daukagu oraindik, izan ere egoera oso aldakorra da eta egin nahi dugun hori borobila izatea nahi dut», kontatu digu Marenek MusikHaria saioan.

Kantu berriak izen bitxia du, 'La estación espacial de Teruel'. Nondik norakoak galdetuta, Teruelgo lagun bat baduela eta horrez gainera furgonetarekin oporretara joateko helburu bezala aspalditik duela gogoan esan digu Marenek. «Toki zoragarriak daudela jakin badakit eta, tira, itxialdian ginela hori etorri zitzaidan burura eta hortik sortu zen kantuaren ideia», aipatu du Marenek. «Kantuaren hitzak badakit surrealista samarrak direla, une hartan sortutako kantuak kutsu hori izan dute», gaineratu du musikariak.

Kantuaren bideoklipa datorren astean kaleratzekotan da. Gainera, harrotasunez kontatu digu lehenengo aldiz ekoizle bezala sinatu duela kantua bera. Eta ez da harritzekoa, horretarako ikasten dabilelako buru-belarri artista bizkaitarra.

Diskoa kaleratu bitartean, irrika sortu du batzuen eta besteen artean. 'Anni B Sweet' bezalako artistek elkarbanatu dute kantua, esaterako eta «horrek sekulako poza» sortzen diola esan digu Marenek.

Hauxe da, beraz, 'La estación espacial de Teruel'.

Jaurlaritza Logoa