En direct

Iker GURRUTXAGA

Kutxa Kultur Musika egonaldiaren datorren urteko deialdia zabalik dago azaroaren 6a arte

MusikHaria saioan izan dira deialdiaren antolatzailea den Kutxa Kulturreko Ainara Guzman eta aurtengo egonaldian parte hartu duen Ivan Martin, 'Lemy River' taldeko ahotsa eta gitarra-jotzailea.

Audio_placeholder

Kutxa Kultur Musika egonaldiaren datorren urteko deialdia zabalik dago azaroaren 6a arte

Loading player...
Aurtengo egonaldia egin duten sei taldeetako bat da 'Lemy River'.
Aurtengo egonaldia egin duten sei taldeetako bat da 'Lemy River'.

Musikariei laguntzeko programak beti izaten dira ongietorriak. Batzuetan lehiaketak egiten dira, beste batzuetan ikerkuntza bekak ematen dira. Sormen bekaren bat edo beste ere badago. Kutxa Kulturrek, ordea, urte osorako egonaldia eskaintzen die Gipuzkoan bizi diren musikariei edota kanpoan bizi baina gipuzkoarrak direnei.

Aurten urte arraroa izan dute. «Egoerak hala eskatuta, oso desberdina izan da 2020a. Dena dela zortekoak gara eta gure espazio propioak ditugunez, gaua asko berdin berdin aurrera eraman ahal izan ditugu», azaldu digu Kutxa Kulturreko Ainara Guzmanek.

Sei erreferentzia hautatu zituzten iazko abenduan aurten egonaldia egin ahal izateko: 'Siete C', 'Indian Feathers', 'Beste urtaroak', 'Ido', 'Cônvoi' eta 'Lemy River'. «Ehundik gora proposamen jaso genituen iaz, eta zorionez Donostiatik harago zabaltzen ari da deialdiaren oihartzuna. Sekulako kalitatea dago eta, nahiz eta batzuk ez duten egonaldirako txartela eskuratzen, epaimahaia osatzen dutenek entzuteagatik bakarrik merezi du izena emateak», kontatu digu Guzmanek.

'Lemy River' taldeko Ivan Martin «oso pozik» dago edukitako esperientziagatik. «Aurretik beste proiektu batekin sari asko eskuratu ditut han eta hemen. Eta, bai, sari ekonomikoak oso ondo etortzen dira proiektu batekin aurrera egiteko, baina Kutxa Kultur egonaldiak eman digun guztiak asko balio du. Formazio handia jaso dugu egonaldiak iraun duen urtebetean eta proiektu bati beste modura heltzeko aukera ematen du ikasitako guzti horrek», azpimarratu du Martinek.

Datorren urterako deialdia dagoeneko zabalik dago eta datorren astean bukatu da izena emateko epea. Horretarako Kutxa Kulturren webgunera sartu eta bertan daude parte hartzeko oinarriak eta izena emateko formularioa.

«Harro gaude orain arte izan dugun esperientziarekin. Artista asko pasa dira eta gure umeak bailiran bezala, poz pozik ikusten dugu gero zerbait argitaratzen duten bakoitzean. Gainera, esan beharra daukagu hemen ikasteko aukera duten arren, oso profesionalak direla guretik pasa diren guztiak ere», gaineratu du Guzmanek.

Itxialdian elkarren artean kantu bat osatu zuten. «Ez zen berez oso erraza egin nahi genuen hori ondo ateratzea. Kantu bat bakoitzak bere etxetik sortu eta lantzearena, esperimentu polita zen. Bada, emaitzarekin oso-oso pozik geratu gara», esan digu Martinek.

Hemen duzue egindako lanaren emaitza.

Jaurlaritza Logoa