En direct
Fiskalaren jarrerak zer esan handia izan du orain arte askapen eskaera bakoitzean Frederic Xistor Haranbururen auzian; baina oraingoan jarrera horrekin apurtu eta baldintzapeko askatasuna ebatzi du epaileak. Horrek aldaketa handia suposatzen duela azpimarratu du Mixel Berhokoirigoin bakegileak, eta, nahiz eta ikusteke dagoen gerora zein eragin izan dezakeen, «perspektiba» bat zabaltzen duelakoan dago. «Ez da dudarik erabaki horren aurreko eta ondoko garai bat izanen da, marra bat gainditu du eta hori nahi dugu sinetsi aurrera egiteko».
Fiskalaren irizpidearen aurka iritsi da epaitegiaren erabakia, bakegileak gogoratu du NAIZ Irratian Frantziako Justizia ministerioarekin izan dituzten elkarrizketetan beti aipatu dutela fiskalaren jarrera, «parean erantzuna zen justiziaren independentzia, guk esaten genien behar zitzaiela azaldu fiskalei Euskal Herrian gauzak aldatu egin direla, ez dela posible atzera itzultzea eta behar zutela kontsigna hori eman gobenruaren aldetik. Ez dakit halakorik izan den ala ez, baina hori zen gure puntu nagusia».
Nolanahi ere, ebazpen honek indarrak ematen dizkie aurrera segitzeko; balorean jarri du orain arte Ipar Euskal Herrian zabaldutako dinamika «anitz eta zabala», eta zentzu horretan, «pedagogia lana eta mobilizazioen bitartez» etorkizunean indarrak batzen segitzeko deia egin du. Berehalako helburuen artean, hiru hamarkada espetxean daramatzaten Ion Kepa Parot eta Jakes Esnalen kasua aipatu ditu Berhokoirigoinek, baita larriki gaixo direnen kasuak ere.
Etxeratek ere urrats nabaria ikusten du
Presoen senideek ere nabarmendu dute urrats honen garrantzia. Etxeratek prentsa ohar batean adierazi duenez, «igarotako auzietan ez bezala» jokatu du auzitegiak, «Fiskaltzaren blokeo sistematikoa gaindituz».
Ondorioz, Etxeratek «erabakia txalotu eta merezi duen garrantzia eman nahi dio, bai eta dakarren poztasuna adierazi ere. 30 urte baino gehiago daramatza Frederic Haranburuk espetxean eta, familiarekin batera, honek dakarren salbuespen politikaren eraginpean. Konponbide eta elkarbizitzaren bidean urrats nabarmen gisa neurtzen dugu atzo emandako erabakia».
«Aurrerapen garrantzitsua da salbuespen egoera bat konponbiderako bidean kokatu delako. Egoera berean dira Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot euskal preso politikoak, biak 30 urte baino gehiago espetxean eta baldintzapeko askatasun eskariak mahai-gainean. Larri gaixo direnak zein pertsona adinduen egoerak ere bertan dira. Herri honek presoen afera gainditu behar du. Gure aldetik, euskal gizarteak daraman bidetik, mobilizazio eta nahien aldetik, aurrera egiteko lanean jarraituko dugu», erantsi du Etxeratek.