En direct

naiz irratia

Asuncion Klinikako erabiltzailea: «Langileak ere harrituta daude Covid-19 kasu gehiago ez egotearekin»

Tolosaldean urteak daramatzate ospitale publiko baten beharra aldarrikatzen. Joxe Mari Mujika Asuncion klinikako erabiltzailea da. Naiz Irratian, haserre azaldu du, dagoeneko nekatuta daudela Lakuako Osasun sailak Tolosaldean Asuncion klinikak dagoen beharra asetzen duela entzuteaz.

Audio_placeholder

Asuncion Klinikako erabiltzailea: «Langileak ere harrituta daude Covid-19 kasu gehiago ez egotearekin»

Loading player...
Asuncion Klinikako langile eta erabiltzaileek Tolosako Zerkausian egin dute agerraldia.
Asuncion Klinikako langile eta erabiltzaileek Tolosako Zerkausian egin dute agerraldia.

Haserre eta minduta mintzatu da Joxe Mari Mujika Naiz Irratiko Informazioaren Harian. «Aurpegira barre egiten ari zaizkigula dirudi». Azken astean Asuncion klinikan Covid-19arekin lotutako berrogei kasu inguru baieztatu dituzte. Horrek berriro ere lehen lerrora ekarri du Tolosaldeko herritarren eskaera, bailarak ospitale publiko baten beharra duela alegia. Gaineratu du Tolosako herritarra izanda klinikako langile batzuekin hitz egiteko aukera ere izan duela. «Langileak ere harrituta daude Covid-19a kasu gehiago ez egotearekin».

Argi dio Mujikak, zuzendaritzaren aldetik ohituta daude klinikan irregulartasunak ikustera. «Titulurik gabeko medikuak ikusi ditugu. Baita espezializaziorik gabeko espezialistak ere». Horregatik dio, harritzekoa dela Covid-19a klinikan gehiago zabaldu ez izana. «Bertaratutako herritarrak inolako neurri berezirik gabe sartu eta atera dira».

Lakuako Osasun sailetik jasotzen dituzten argudioek ere oraindik eta gehiago haserretzen dutela aitortu du Mujikak. «Klinika pribatu bat ez da eskualdeko ospitale batek emango lukeen zerbitzua emateko gai». Horregatik dio Lakuako Osasun arduradunen adierazpenek ere nekatu egiten dutela. Horren aurrean, Tolosako herritarrek, Asuncion klinikako langileek eta erabiltzaileek protesta deitu dute biharko “Itunpeko Asuncion Klinika, aski da!” lelopean.

Jaurlaritza Logoa