En direct

Ion T. BARRENA

«Sintonia ona» topatu du Aizpuruak Iglesiasekin, eta Calvorekin? «Ikusiko dugu»

«Jendearen gehiengoa babestuko duten politikak» nahi ditu Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) Espainiako Gobernuaren aurrekontu berrietan. «Sintonia ona» topatu du Pablo Iglesiasekin egindako lehen bileran, Carmen Calvorekin heldu den astean dute hitzordua independentistek. Traszendentzia handia ematen die kontu hauei, presoak eta lurralde arazoa aipatu ostean «orain du gobernuak aukera arazo hauek soluziobidean jartzeko», dio Aizpuruak. 

Audio_placeholder

«Sintonia ona» topatu du Aizpuruak Iglesiasekin, eta Calvorekin? «Ikusiko dugu»

Loading player...
Pablo Iglesias Espainiako presidente ordea eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua atzo. (EHB)
Pablo Iglesias Espainiako presidente ordea eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua atzo. (EHB)

Ahots dezente urratu ditu EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin abiatu duen interlokuzioak. Aurrekontuak dira hizpidea, lehen kontaktua inoiz urrunegi egon ez den Pablo Iglesias bigarren presidentearekin, heldu den astean Pedro Sanchezen gobernuko pertsona indartsuenarekin, Carmen Calvo lehen presidenteordea. «Hasierako elkarrizketak dira, bakoitzaren posizioak finkatzeko baliogarriak izango dira eta hortik ere aterako ditugu ondorioak». 

Mertxe Aizpurua diputatu independentista atzo bildu zen Iglesiasekin eta «sintonia ona» izan zutela azpimarratu du NAIZ Irratian, «norabidean eta berak planteatu zituen hainbat ildotan sintonia badagoela esan genezake». Berdintsu izango da Calvorekin? «Ikusiko dugu. Momentu honetan Pedro Sanchez alde guztietara ari da jokatzen, gure aldetik esan diegu prestutasun osoa dugula negoziaketan parte hartzeko eta posible bada akordioetara iristeko, beti ere gauzak behar den norabidean jartzen badira». 

Ez dira ohiko urteroko aurrekontuak aurtengoak, «egoera oso berezian gaude eta izugarri baldintzatuko dute geroa oraingo erabakiek». Ez koronabirusagatik, soilik, «Estatu honek behar duen demokraziaren norabidean pausoak emateko aukera dago. Guk iparorratza oso garbi dugu (...) jendearen gehiengoari babesa emango dioten politikak behar ditugu eta horiek aurrekontuetan ikusten dira». 

Presoak, lurraldetasuna eta gehiengoak

Espainiako Gobernuarekin hitz egin beharreko gaien artean presoen auzia ere aipatu du Aizpuruak, bada garaia, bere ustez, «presoen gaia bide onean jartzeko behingoz». 

Espainiako Estatuak duen lurralde arazoa ere aipatu du, «koronabirusaren krisiak ere ez du estaliko hori». Aizpuruaren esanetan Sanchezek «benetako soluzioak hartu nahi baditu orain du aukera, zenbakiek ematen diote, gainera». 

Garrantzia «izugarria» du, ondorioz, Aizpuruaren ustez Sanchezek Ciudadanosen ala presidente kargura eraman zuen gehiengoaren aldeko hautua egiten duen, «espero dugu inbestidura lagundu edo ahalbidetu zuten indarrekin iristea akordioetara, horrek esan nahiko du Espainiako Estatuan dauden hainbat gai eta arazoei aurre egiteko nahia eta borondatea egongo dela».

Jaurlaritza Logoa