En direct

NAIZ Irratia

«Kanpamenduaren %70 erre egin da, Moria ez da existitzen»

Greziako Lesbos irlan ari da lanean Zaporeak proiektua aspaldian eta suteak izan eta gutxira gertatutakoaren berri bertatik-bertara ikusi ahal izan du Malen Garmendia koordinatzaileak, «esaten genuen egoera lehertzear zegoela eta lehertu egin da». NAIZ Irratian izan da eguerdian.

Audio_placeholder

«Kanpamenduaren %70 erre egin da, Moria ez da existitzen»

Loading player...
Moriako kanpamendua, bart gaueko sutearen ostean. MANOLIS LAGOUTARIS / AFP
Moriako kanpamendua, bart gaueko sutearen ostean. MANOLIS LAGOUTARIS / AFP

«Kanpamenduaren %70 erre egin da, tamalgarria da ikusi duguna, esan genezake Moria ez dagoela gehiago». Aspaldian Lesbos uhartean lanean ari den Zaporeak proiektuko Malen Garmendia arduradunaren hitzak dira, Lesbosetik bertatik.  

Egoera muturrera iritsi da 2.500 pertsonentzat aurreikusia egon arren 12.000tik gora pertsona jasotzen zituen Lesbos uharteko Moria kanpamenduan eta gaur gauean ia erabat kiskali da. 

Hilabeteak daramatzate ez aurrera ez atzera milaka pertsonek kanpamenduan eta azken orduetan iragarri diren neurriak izan dira egoera muturrera eraman dutenak, «Moriako kanpamendua tortura espazio bezala erabili dute. Esan izan dugu askotan 'hau lehertu egingo da, lehertu egingo da... ' eta azkenean gau honetan denak eztanda egin du», Garmendiak NAIZ Irratian azaldu duenez. Gunea «tentsio handiko espazioa» dela azpimarratu du Zaporeak proiektuko kideak eta bertan daudenen eskubideak ez direla errespetatzen. 

Lehen orduan eraso faxista baten aukeraz hitz egin den arren, Garmendiak kanpamenduan bizi direnekin hitz egin du eta hauek esandakoaren arabera gauean hasi den manifestazio baten ostean sortu dira suteak, «badirudi protestak larritu egin direla eta azkenean honetan bukatu duela». 

«Inoiz baino gehiago mugitu behar gara» 

Zaporeak proiektuko kideak salatu du errefuxiatuek ez dutela inolako erantzunik jaso ez Greziako Gobernuaren aldetik ez Europar Batasunaren aldetik ere, «bertan diren pertsonek ez dute informaziorik, ez jatekorik ez eta oinarrizko asistentzia ere». 

Morian ziren milaka pertsonek berehalako laguntza behar dutela azaldu du Garmendiak, euren aldetik eskura dutena moldatu eta berehala ehunka jatordu emateko prestatzen ari dira, «inoiz baino gehiago mugitu behar gara». 

Jaurlaritza Logoa