«Dena Udalen esku erori da, beste instituzioak berandu samar iritsi dira, iritsi direnean»

Egun garrantzitsua da San Inaziorena Azpeitian, festak bertan behera utzi dituzte eta «gauzak ondo doazela dirudi», Nagore Alkorta alkateak NAIZ Irratian adierazi duenez. Koronabirusak sortutako egoerari udaletatik eman zaien erantzuna azpimarratu du, gainerako instituzioak «berandu» ibili direla ere badio. Udazkenera begira «kezkatuta» dagoela dio alkateak. 

Loading player...
NAIZ IRRATIA|31/07/2020
Nagorealkorta
Nagore Alkorta (Gorka RUBIO / FOKU)

«Udaltzaingoaren azken partearen zain nago baina badirudi jendea nahiko zintzo ibili dela eta ez dugu arazo handirik izan, gauzak ondo doazela dirudi». San Inazio eguna hastearekin bat hori zen Azpeitian egoera, Nagore Alkorta alkateak NAIZ Irratian azaldu duenez. Zalantzan ziren ekitaldiren bat edo beste mantendu ala ez, «baina azkenean den-dena bertan behera uztea erabaki genuen; egoera normaltzen denean egingo ditugu aurten egin ez ditugunak». 

Lan askoko aste eta hilabeteak izaten ari dira udalentzat azken hauek, koronabirusaren krisia lehertu zenetik lehen lerroan lanean eta herritarren beharrei erantzuten ari baitira, «baliabide asko ala gutxi, lehen astetan konturatu ginen dena gure esku erori zela, guk erantzun behar genuela, guk atera behar arautegiak, dirulaguntzak, guk antolatu garbiketak, harremana erresidentziekin... beste instituzioetako erantzunak berandu samar etorri dira eta beste batzutan iritsi ere ez dira egin». Alkortaren esanetan «babes falta» nabaritu dute krisiaren kudeaketan. 

Neurri ekonomiko eta sozial sorta zabala osatu du Azpeitiko Udalak, gainerako udalek ere bai, koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko. Lehen momentuan abian jarritako neurrietatik bi nabarmendu ditu Alkortak: herritarrei emandako erantzuna behar afektibo eta emozionalei dagokionean, batetik; janari bankuarena bestetik. Lehen erantzuna bideratuta, epe ertainera begira hainbat laguntza jarri dituzte martxan Azpeitian, bai merkatariei emandako laguntzen bidez edo kontziliazioa errazteko bidean. 

Eta hurrengo hilabeteetan? «Krisia sanitarioa da, baina krisi soziala eta ekonomikoa ere izango da, kezkatuta gaude udazkenean topo egin ahal dugun eskenatokiarekin», dio Alkortak. Besteak beste, enpresen kontrataziorako plan berezi bat jarri dute martxan Azpeitian. Egoera baldarrena irailaren 30aren ostean etor daiteke, «ERTEak amaitu egingo dira eta panorama sozioekonomikoa okertuz joango dela aurreikusten dugu. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ez dira nahikoa eta udal gisa gure diru ekarpena egingo dugu». 

Zabalpen handiko argazkiak 

Tarteka herri bateko edo besteko argazkiak izugarri zabaldu dira sarean, jende pilatzeak azaltzen dituztenak. Azpeitiari ere tokatu zitzaion orain dela aste batzuk, «injustua» dela uste du Alkortak, «Azpeitia da Erkidegoan 10.000 biztanletik gorako herrietan kutsadura tasa txikiena duena, gu lanean ari gara hori horrela izan dadin eta horrelako argazki batek sekulako mina egiten du».

Ironiaz dio «kasualitatez viral bihurtu zaizkigu Ordiziako eta Azpeitikoa», gehituz «Zarautzen selektibitateko ospakizunetan 2.500 pertsona elkartu zirela eta horko argazkirik ez dugula ikusi». Hala ere, nabarmendu du Alkortak ez duela merezi «joko horretan sartzea, ez gaude elkarri gauzak botatzeko, pandemia baten aurrean gaude eta horrelako jokuek ez gaitzute inora eramaten». 

Herri erantzuna 

Kalteak kalte, irakaspen baikorrik ere izan da: «beti esaten dut egoera zailetatik gauza onak atera behar ditugula. Jendeak ez du ikusten udal gobernuan nor dagoen, herri bezala lan egiteko gaitasuna badagoen ala ez, baizik. Jendeak eta eragileek konpromisoa erakutsi digute eta aberasgarria izan da. Herri bezala erantzun dugu».

INFOS ASSOCIÉES

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia