En direct

Naiz Irratia

Roberto Uriarte: «Espainiako Gobernuaren estrategia eskuinen arteko batasuna haustea izan da»

Espainiako Kongresuan Berreraikuntza Batzordearen inguruko eztabaida «ez da egokiena izan», Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuaren ustez. Pedro Sanchezen gobernuak hartutako erabakien atzean «eskuinen arteko batasuna haustea» helburu zuen estrategia dagoela uste du, «ultraeskuina jokoz kanpo uzteko». Mamiari dagokionez, akordio horiek ez dute zertan gobernuaren politika marraztu, bere hitzetan, «maiz paper hutsean geratzen dira batzordeetako akordioak». 

Audio_placeholder

Roberto Uriarte: «Espainiako Gobernuaren estrategia eskuinen arteko batasuna haustea izan da»

Loading player...
Roberto Uriarte
Roberto Uriarte

Asteazken honetan dute Madrilgo Diputatuen Kongresuan ikasturte berezi honetako azken osoko bilkura. Europara begira jarriko dira; pasa den astean bertan erdietsitako akordioaren zertzelada nagusiak azalduko ditu Pedro Sanchez Madrilgo gobernuaren presidenteak. Unidas Podemoseko diputatu Roberto Uriartek uste du akordioa «orain artekoak baino hobea dela», nahiz eta kritiko diren Europako Batasunaren oinarriekin.

Madrilgo Kongresuak ere hartu ditu berriki neurriak krisiari aurre egiteko; hainbat dokumentu onartu dituzte, tartean irizpide ekonomikoena, baina ez aldiz neurri sozialei zegokiena. «Pertsona askoren arteko prozesu korapilatsua» izan dela aitortu du Uriartek, eta ez dela eurek garatu nahi zuten moduan aurrera eraman. «Alderdien arteko mahai bat eratzea proposatu genuen, baina azkenean Kongresura eraman zen zuzenean». Horrek alderdien arteko eztabaida behar-bezala ez garatzea eragin duelakoan dago.

Izan ere, kritikak jaso ditu Espainiako Gobernuak erabaki horien inguruan; euskal alderdiek ezezko botoa ematea ebatzi zuten, eta EH Bilduk, zehazki, eskuinari men egiteko erabakiak hartu izana leporatu zion Sanchezen gobernuari. Uriarteren esanetan, «gobernuak hartu duen estrategia izan da haustea eskuinen arteko batasuna eta marjinatzea, jokoz kanpo uztea, ultraeskuina». Ez du uste, gainera, batzorde horren akordioek Exekutiboaren jarduna mugatu beharko luketenik, «batzordeek ez dute horrenbeste baldintzatzen eta maiz paper hutsean geratzen dira akordioak, ez dakit noraingo eramango diren». 

Kontua da neurri asko hartu direla azken hilabeteetan krisiari aurre egiteko, eta hartu beharko direla datozen hilabeteetan ere. Uriartek dio krisi honetatik beste oinarri batekin ateratzea garrantzitsua izan behar dela, eta horretarako «talka plan baten» beharra azpimarratu du.  

Lan erreformaren baliogabetzea

2012ko Lan Erreformaren balizko indargabetzeaz ere aritu gara Unidas Podemoseko diputatuarekin. PSOErekin hitzartutako gobernu programan indargabetzea bazetorrela gogora ekarri du Uriartek, eta ez du zalantzarik egin: «konpromisoak betetzeko daude».

Juan Karlos Borboikoaren, eta oro har, monarkiaren inguruan galdetuta, diputatuak uste du «generazio aldaketa» baten aurrean gaudela, eta monarkia bera «inoizko egoerarik ahulenean» dagoela.

Jaurlaritza Logoa