Gorka Sasieta (Itsasoko alkatea): «Ezkio eta Itsaso batu behar badira ere, ez gara erabat lehengora itzuliko»

Pasa den astean Auzitegi Gorenak Itsaso herriaren bereizketaren erabakia bertan behera utzi zuen. Herri gisa eratzeko legediak ezartzen duen 5.000 biztanleko kopurura ez dela iristen argudiatu du auzitegiak. Ezkio-Itsaso ofizialki berriz ere batu beharko diren arren, Gorka Sasieta Itsasoko alkateak argi du ez direla lehengora itzuliko.  

Loading player...
Naiz Irratia|28/07/2020
Itsaso
Gorka Sasieta alkate makila hartzen, Itsaso herri gisa eratu zen egunean (Jon URBE / FOKU)

Gorka Sasieta Itsasoko alkateak berak azaldu dizkigu Informazioaren Harian Auzitegi Gorenak Itsasoren segregazioaren aurka eman dituen argudioak. Dio auzitegiak Itsasok ez duela betetzen legediak ezartzen duen 5.000 biztanleko gutxienekoa -160 biztanle ditu egun-. Baina, Sasietak gogora ekarri du 2003ko Foru arauak 2.500 biztanletan ezartzen duela muga, gaineratuz frankismo garaian anexionatutako herriek ez dutela zertan irizpide hori bete. Horixe da Itsasoko kasua: «1964an erabaki zuen Francok Ezkio eta Itsaso batzea. Ordura arte, eta betidanik herri independentea izan da Itsaso».

Bere garaian EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman bazien ere (eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena zela aitortu baitzuen), alkateak dion moduan, Auzitegi Gorenak «pikutara bota ditu» asmo guztiak.

Erabakia erabat irmoa izan arte aste batzuk dituzte aurretik; nolanahi ere, Sasietak dionez, «Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Ezkioko udalarekin harremanetan gaude tramiteak arintzeko».  Izan ere, kasu honetan ez dago errekurtsorako aukerarik.

Berriz ere batu beharko dira, hortaz Ezkio eta Itsaso; baina alkateak argi du ez direla «lehengora itzuliko»: «Azken lau urteetan bakoitzak bere bide propioa garatu dugu». Historiak berak ematen dien pisuzko argumentuaz gain, bai Itsaso, bai Ezkio biak ere oso sakabanatuak daudela dio, elkarren ondoan egon arren, urrun daudela bata bestearengatik.

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia