En direct

Naiz Irratia

Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea): «Tentuz eta arduraz jokatzeko orduak bizi ditugu»

Egun gutxitan koronabirus izurritearen erdigunean kokatu da Ordizia. Etxezarreta kaleko taberna batean dago jatorria ustez; azken egunotan PCR proba ugari ari dira egiten horrekin zerikusia izan dezaketela uste duten herritarrei. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak egoera nolakoa den azaldu digu astearte honetan Informazioaren hariaren lehen edizioan.

Audio_placeholder

Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea): «Tentuz eta arduraz jokatzeko orduak bizi ditugu»

Loading player...
PCR probak ari dira egiten egunotan osasun langileak Ordiziako bizilagunei. (Jon URBE/FOKU)
PCR probak ari dira egiten egunotan osasun langileak Ordiziako bizilagunei. (Jon URBE/FOKU)

Kontrolatu gabeko COVID-19 positibo batek izan ditzakeen ondorioak ikusten ari gara egunotan Ordizian. Lau egun eskasetan, normaltasun berriak emandako «lasaitasunetik» konfinamenduko oroitzapenetara igaro dira han.

Ez dago argi nor izan zen lehen kutsatua,ezta nondik iritsi zen ere -Lleidatik bertara joandako herritar bat izan daitekeela zabaldu da azken orduetan-. Baina badakite jatorria ekainaren 27an dagoela, Etxezarreta kaleko Sarri tabernan. Ehunka lagun izan dira bertan ekainaren 27tik eta kutsatze komunitariorik izan ote den egiaztatzeko, ehunka PCR froga egiten ari dira azken orduotan.

Lehen positiboak atzeman zirenetik Ordiziako Udala eta Eusko Jaurlaritza osasun sailaren arteko «harremana etengabekoa» izan da, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Naiz Irratian azaldu duenez. Berak kontatu du lehen agerraldiaren ostean, Sarri taberna ez ezik, inguruko beste hainbat taberna batzuk ere itxi zituztela segurtasun neurri gisa.

Koronabirusa zenbateko eragina izan duen jakin ezinik, erantzun bateratu eta orokorra eman diote aferari; astelehenean 900 PCR proba egin zituzten, ia denak kalean jarritako hainbat karpetan eta astearte honetan ere beste horrenbeste egin ahal izatea espero du alkateak.

Lehen positiboa, inportatutakoa

Euskal Herriko mugetatik kanpo ere, arretaz ari dira jarraitzen Ordiziako koronabirus agerraldia. Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdien Koordinazio zentroko zuzendariak esan du Ordiziako positiboak inportatutako kasu batekin lotura duela. Ustez, beste autonomia erkidego batetik iritsitako jendea egon zen Etxezarreta kaleko taberna horretan, eta haiek izan daitezke Ordiziako agerraldiko kutsatze iturria. Ezenarrok Simonen hitzak konfirmatu ditu gaur Informazioaren Harian. Areago, geroxeago albiste agentziek zabaldutakoaren arabera, Lleidatik Ordiziara joandako pertsona bat izan daiteke gaitza hara eramandakoa. 

Ordizian gertatutakoa, han ala beste edonon gerta zitekeen. Ordea, Ordizian gertatu da, eta horren aurrean kezka agertu du Ezenarrok euskal gizartearen jarrerarekin. «Herritarrak lasaiegi daudelakoan nago, autokritikarako garaia dela uste dut, baita arduraz jokatzekoa ere». 

Agerraldiaren benetako argazkia ezagutzeko zain, hainbat eszenatoki ari da aurreikusten Ordiziako Udala.

Jaurlaritza Logoa