En direct

Naiz Irratia

Armando Azpitarte (Arabako pentsiodunak): «Hauteskunde kanpainatik kanpo ere alderdien aldarrikapenak entzun nahi ditugu»

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeak gertu direla, pentsionistak gai politiko bihurtu dira berriz ere. Bada tartetxo bat normalitate berriaz gozatzen ari garela, baina badirudi hainbat borroka eta aldarrikapen normalitate zaharrean ahaztuak gelditu direla, pentsionisten borroka esaterako. Gaur goizean Armando Aulestiarte Arabako Pentsionistak Lanean mugimenduko kidea Naiz Irratian izan da.

Audio_placeholder

Armando Azpitarte (Arabako pentsiodunak): «Hauteskunde kanpainatik kanpo ere alderdien aldarrikapenak entzun nahi ditugu»

Loading player...
Hauteskunde aldarrikapenez harago, konpromisoak eskatzen dizkiete alderdiei pentsiodunek. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Hauteskunde aldarrikapenez harago, konpromisoak eskatzen dizkiete alderdiei pentsiodunek. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Uztailaren 12ko hauteskundeen kanpaina bete-betean sartuta, alderdi guztiak pentsionistei begirako mezuak dituzte. Eztabaida, benetako eztabaida izan dadin eta ez soilik hauteskunde programa, mahai ingurua antolatu zuen asteazkenean Arabako Pentsionistak Lanean mugimenduak.

Edonola ere, mahai inguru eta debateez harago, politikariek egunerokoan pentsionisten beharraz arduratzea eskatu du Armando Aulestiarte mugimenduko kideak. «Hauteskunde kanpainatik kanpo ere haien aldarrikapen zintzoak entzun nahi ditugu».

Pasa den astean, pentsionisten mugimenduak euren aldarrikapenak biltzen zituen gutuna entregatu zuten Lakuan; izan ere, berarekin bilera eskatuta bazuten ere, orain arte ez dute Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin biltzerik izan. Mahai-inguruan, ordea, «denak egon ziren pentsionisten alde», baita EAJkoak ere. 

Zentzuzkoa denez, pentsionista gehienek, pentsio publiko duinak nahi dituzte. Baina pentsio plan pribatuen aldeko mezuak ari dira zabaltzen azkenaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Botere publikoek pentsio pribatuak sustatzeak «kezkaz» bizi dute pentsionistek, batzuen eta besteen arteko «ezberdintasunak areagotzen» direlako.

Halaber, euskal pentsionisten beste aldarrikapen historikoetako bat pentsio sistema «bertakoa» izatea dela ekarri du gogora Aulestiartek; alegia,  Gizarte Segurantzaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izatea. Madrilgo alderdiek baztertu egin zuten aukera hori, Kutxa Bakar bat egon behar duela defendatuz. EAJk aldiz, interpretaziorako atea zabalik utzi zuela kontatu du pentsionistak.

Pandemiaren kudeaketa

Dena dela, pentsioetatik harago ere begiratu dute Arabako Pentsionistek. COVID-19ak gogor jo zuen Araba pandemiaren hasieran. Hainbat eta hainbat, adinekoen egoitzetan hil ziren orduan.

Ez dute errudunik bilatzen, baina Aulestiarteren hitzetan, «koronabirusak argi utzi du erresidentzien modeloa berrikusi behar dela», bereziki egoitza pribatuetan. Halaber, krisi sanitarioaz gain, COVID-19ak utziko duen krisi ekonomikotik ateratzeko, alderdiek zer asmo duten jakin nahi dutela ere gaineratu du. 

Kanpainan bete-betean sartuta, alderdi guztiek nahi dituzte pentsionistak lagun, baina hamaika ikusitakoak dira pentsionistak. Uztailaren 12tik aurrera haiekiko jarrera berdina izaten jarraitzen badu, «kaleak» hartuko dituztela segurtatu du Aulestiartek.

Jaurlaritza Logoa