En direct

Naiz Irratia

Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea): «Herriari galdetuz politika egiteko bestelako eredu bat aldarrikatu nahi dugu»

Durangoko tren geltoki zaharraren orubean zer egin? Herritarrei galdetu nahi zien Udalak eta Espainiako Gobernuak baimendu berri du galdeketa. Herritarrek izango dute, beraz, azken hitza. Ima Garrastatxu alkateak «politika egiteko beste eredu bat» aldarrikatu du NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea): «Herriari galdetuz politika egiteko bestelako eredu bat aldarrikatu nahi dugu»

Loading player...
Ima Garrastatxu, Durangoko alkatea
Ima Garrastatxu, Durangoko alkatea

'Erabaki' herri plataformak bultzatutako galdeketak helburu sinplea du: herritarren eskariari erantzutea. Durangoko Udalak bide emango dio eskari horri, Espainiako Gobernuaren baimena jaso ostean. EH Bildu eta Podemos-en arteko koalizioa dago agintean, eta zailtasunak izan arren, agindutakoa beteko dutela adierazi du gaur Informazioaren Harian Ima Garrastatxuk, Durangoko alkateak.

Izan ere, tren geltoki zaharrak utzitako lursaila etxebizitzak egiteko erabili nahi zuen aurreko udal gobernuak. Ez da proiektu txikia izango; 18 pisuko bost etxebizitza-dorre eraikitzea aurreikusita dago, guztira 554 etxebizitza eraikiko lirateke. Herri galdeketari esker, ordea, herritarrek izango dute azken hitza proiektuarekiko.

Udal gobernura heldu eta gutxira egingo da herri galdeketa Durangon, EH Bilduk udal hauteskundeen programan bildu bezala. Dena den, galdeketaren sustatzaile nagusia 'Erabaki' herri plataforma izan da; haiek antolatu zuten kontsulta egiteko sinadura bilketa. Galdeketari bide emanez «politika egiteko bestelako eredu bat» aldarrikatu nahi dutela azpimarratu du Garrastatxuk.

Zailtasunak baimena lortzeko

«Zailena, herri galdeketa lotesle bat antolatzeko baimena lortzea izan da», kontatu du alkateak. Kasu honetan, Espainiar Estatuko Gobernuak berme guztiekin baimendu du galdeketa. Garrastatxuren esanetan, galdera errealista eta zehatz bat proposatuko dutelako jaso dute baimen hori. 

Uste baino zertxobait gehiago itxaron behar izan dute Durangon, baina erantzuna positiboa izan da, baiezkoa jaso dute eta galdeketaren nondik norakoak antolatzen jarraituko dute, herritarrekin elkarlanean; besteak beste, data zehazteke dago oraindik.

Jaurlaritza Logoa