En direct

Maite Bidarte

Badatoz ekaineko Beste Bat saio berriak

Madeleine, Aitor Etxebarria, Bulego, Kai Nakai & Chickjuarez eta Hatxe. Hau duzue ekaineko 'Beste Bat' saioetan parte hartuko duen musikari boskotea. Post-rock, musika esperimentala, pop-rocka, reggaetoia eta trapa. Anitzak eta mugituak izango dira Naiz Irratiko bazkalosteak (astelehenetik ostiralera, 15.00tan)

Audio_placeholder

Badatoz ekaineko Beste Bat saio berriak

Loading player...
etxeko uzta - ekaina
etxeko uzta - ekaina

Beste Bat saioek aurrera jarraitzen dute Naiz Irratian eta ekainean ere aukera izango dugu beste bost musika talderen fonoteka kuttunak ezagutzeko. Madeleine post-rock talde donostiarrak, Aitor Etxebarriak, (behar bada, 'El_Txef_a' izenarekin ezagutuko duzue askok) Bulego pop talde azpeitiarrak, Kai Nakai eta Chickjuarez musikari eta ekoizle gasteiztarrak eta Oiartzungo Idoia Hernandez 'Hatxe'-k osatzen dute ekaineko sortzaile taldea. Astelehenetik ostiralera dira 'Beste Bat' saioak, arratsaldeko 15:00etan.

Madeleine talde donostiarrak egingo du Beste Bat saioa astelehenetan. Hiru disko kaleratu ditu Gipuzkoako post-rock talde honek, azken lana 2018an: 'Su Hura'. Iñaki Benitok, Itzal Urangak, Gartxot Unsain-ek  eta Jagoba Salvadorrek osatzen dute taldea. Azken bi hauek ariko dira datozen astelehenetan Beste Bat saioa egiten. 

Aitor Etxebarria musikariaren txanda izango dira astearteak. 'El_txef_A' izen artistikoarekin nazioartean ibilbide oparoa egin ondoren, bere izenarekin sinatu du Aitor Etxebarriak bere azken diskoa: 'Nihilism Part 1'. Azken bost urteotan sortutako piezak bildu ditu azken lanean. 

'Markak' dokumentalaren soinu-banda egitea inflexio-puntu izan zen bere ibilbidean,  eta beste norabide bati segika dabil orain. 'Nihilism part 1' diskoaren kontzeptua hasieratik argi izan du Aitor Etxebarriak, eta itsas-argi horri segika osatu ditu lanak. 'Can’t see nobody' kantua izan omen zen 'Nihilism part 1' honi atea ireki ziona, eta haren atzetik etorri dira diskoa osatzen duten gainerako 8 kantuak. Hala azaldu zuen Naiz Irratiko 'Musika Pilulak' podcastean.


Bulego taldearenak izango dira asteazkenak. Fenix hegaztia bailitzan sortu zen Bulego talde azkoitiarra, Passepartout taldearen errautsetatik jaio baitzen. Otsailean kaleratu zuten beren lehen kantua, eta hiru hilabete beranduago, iraupen laburreko diskoa kaleratu dute. Musikharia saioan izan dira berriki, hemen entzun dezakezue elkarrizketa.

Ostegunetan erritmo biziak entzungo dira ziur Beste Bat saioetan. Pop doinuetatik reggaeton eta trap erritmo urbanoetara. Kai Nakai eta Chickjuarez arituko dira saioa egiten. Kai Nakai Musikharia saiotik pasa zenean, argi eta garbi esan zuen ipurdia mugitzearen aldarria egiten zuela berak, beraz, pentsatzekoa da osteguneko bazkalosteetan hala egingo dugula. Gasteiztarrak dira Kai Nakai abeslaria eta Chickjuarez ekoizlea, azken hau Mexikon sortu eta lau urte zituela etorri zen Euskal Herrira. Biak elkartu eta euskal musikaren panoraman iraultza txiki bat egin nahian dabiltza. Iaz, 2019an, Durangoko Azokako Sormen beka eskuratu eta urtebeteko epea eman zieten beren proiektua aurrera eramateko: reggaetoia eta feminismoa uztartuko dituen lana.

Modu lasaiago batean amaituko dugu astea Oiartzungo Hatxe musikariarekin. Idoia Hernandez oiartzuarra musika klasiko eta esperimental ozeano zabaletan aritzen da,  pianoarekin osatutako abestiekin 'Lehena' diskoa kaleratu zuen 2017an, eta aurten, musikari gehiago bidelagun izan dituela  'Panpin hautsien dantza' EPa kaleratu du. Hemen entzun dezakezue 'Panpin hautsien dantza' diskoko Musika Pilulak podcasta.

Astelehenetik ostiralera dira Beste Bat saioak, arratsaldeko 15:00etan. Hilabete honetako saioak zein aurrekoak Naiz Irratiko webgunean eta podcast plataformetan daude entzungai.

Jaurlaritza Logoa