En direct

Iker GURRUTXAGA

Aretoak, musikariak eta NAIZ eskutik, NAIZ Kontzertuak eskaintzaren aldi berrian

Egoerari egokitutako eskaintzarekin dator NAIZ Kontzertuak berritua. Musikaren aldeko apustua eginez eta eszena horren katean parte hartzen duten eragile denak kontuan hartuz. Ekuazio berri honen hiru erpinak izan ditugu Musikharian: Iñaki Soto GARAko zuzendaria, Uxue Amonarriz Huntza taldeko kidea eta Azpeitiko Sanagustin kulturguneko Aitor Bengotetxea.

Audio_placeholder

Aretoak, musikariak eta NAIZ eskutik, NAIZ Kontzertuak eskaintzaren aldi berrian

Loading player...
Huntza iazko Ilunbeko elkartasun kontzertuan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Huntza iazko Ilunbeko elkartasun kontzertuan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Laster beteko da urtea GARAren expolioaren aurrean babesa erakusteko Illunbe lehertzear bete zenetik. Orain, olatua bueltan dator.

Duela bost urte jaiotako Naiz Kontzertuak bueltan datoz, baina formatua berrituta: aretoetan egingo dira eta «pay per view» izango dira; alegia, ordainpekoak izango dira, ekimen honekin NAIZ eta GARAk musika taldeak eta honen industriari bultzada eman nahi baitie. Kate osoan parte hartzen duten eragile denen lana jarriko da balioan. 

MusikHaria saiora gonbidatu ditugu ekimen honetako hiru protagonista: Parte hartuko duen aretoetako bat Sanagustin kulturgunea da, eta hau kudeatzen duen Azpeitiko Kulturaz kooperatibako kidea da Aitor Bengoetxea. Uxue Amonarriz Huntza taldeko kidea da, lehen kontzertuetan izango den taldeetako bat, eta Iñaki Soto, GARAko zuzendaria.

Koronabirusaren krisiak musikaren sektorean ere zuzenean eragin du. Kontzertu eta birak bertan behera geratu dira, baita disko berrien kaleratzeak ere. Sektorea indartzeko asmoz dator NAIZ Kontzertuen formatu berritua, eta ordainpekoa izango dela du ezaugarrietako bat: «Lan profesionala ordaindu egin behar da. Hori da guk beti aldarrikatzen duguna. Banda profesionalak nahi ditugu», dio Iñaki Soto GARAko zuzendariak. Horregatik, ahal den neurrian musikaren industriari bide bat eman behar zaiola dio Sotok, eta balioan jarri musikarien eta musika-eszenako langileen lana, «gure helburua da denak pozik geratzea, musikariak, aretoak, eta noski gure komunitatea». 

Pozik hartu dute ekimena berau posible egingo duten ekuazioko beste bi erpinek: aretoek eta musikariek. Aitor Bengoetxea, Azpeitiko Sanagustin Kulturguneko kidea: «Erne gabiltza beste aretoekin hizketan, panoramari nola eutsi pentsatuz, eta, bide horretan, gustura jaso dugu eta eskertzen dugu proposamena. Guztien arteko elkarlana da gakoa eta hori da gure lan egiteko bidea».

Kalitatea eta kate osoa hauspotzea xede

Ekainaren 5etik aurrera abiatuko da ekimena eta hilaren amaieran, 28an, Huntzaren txanda izango da. Bertako kidea da Uxue Amonarriz, «NAIZek emango digun babes hau sekulako aukera da. Konfinamendu garaian, zaila egiten zitzaigun egoeraren aurrean nola jokatu erabakitzea. Zaila egiten zitzaigun kalitatezko zerbait ematea, bakoitza bere etxean eta bere herrian egonda».

Kalitatea, hain zuzen hori da NAIZek bermatu nahi duena. Azkartasunaren aurrean, kalitatea. Filosofia horrekin bat dator Bengoetxea ere. «Gutxiago  egin, baino hobeto. Sareko eskaintza horiek, esperimentu horiek, irten dira; batzuk hobeto besteak okerrago. Baina nik uste dut birformulatu egin behar direla gauzak.  Baldintzei helduz, ekoizpen kate osoko agente guztiak gustura egoteko. Baldintza txukunak eta duinak izatea da garrantzitsua da», bere esanetan.

Lanari balioa eman behar zaiola aipatuta, Amonarrizek ere argi dauka hala behar duela izan. «Noski, musikarien lanari balioa eman behar zaio. Lehendabizi zuk zure buruari, eta musikari bezala zaila izaten da hori», Huntza taldeko kidearen esanetan.

Euskal musikaren industria oso txikia dela dio Sotok, baina aldi berean balio handikoa: «Harribitxi bat da, eta harribitxi hori zaindu egin behar da: leundu eta harro erakutsi».

Momentuz bost emanaldi baieztatu daude, ekainaren 5ean hasi eta uztailaren 3an bukatuko direnak. Gatibu, Nøgen, Zetak, Huntza eta En Tol Sarmiento taldeak izango dira 'Naiz kontzertuak' ontzen. Sarrerek 5 euro balioko dute eta deskontu bonoak ere izango dira. Aurrerago kontzertu gehiago izango dira. 

Jaurlaritza Logoa