En direct

Ion GARATE

«Etxean gauza handi bat bezala bizitu zen Everestekoa, baina beldurra ere pasa genuen»

40 urte dira lehen euskaldunak Everesteko gailurra egin zutela. Martin Zabaletak jarri zuen ikurrina munduko sabaian, baina hori ezinezkoa izango litzateke espedizioko beste kideengatik ez balitz. Talde lana izan zen gailurra egitea. 1980ko espedizio hartan parte hartutako lau kide ez daude egun gurekin, horietako bi dira Xabier Erro eta Emilio Hernando. Beraien senideak gonbidatu ditugu Naiz Irratira 1980ko maiatzaren 14 hartan lortutakoa gogoratzeko.

Audio_placeholder

«Etxean gauza handi bat bezala bizitu zen Everestekoa, baina beldurra ere pasa genuen»

Loading player...
Emilio Hernando eta Xabier Erro
Emilio Hernando eta Xabier Erro

40 urte dira lehen euskal espedizioak Everesteko gailurra egin zuenetik. Espedizio hartatik, baina, kide batzuk ez daude gaur egun gure artean, horien artean daude Xabier Erro nafarra eta Emilio Hernando bizkaitarra. Biak hartu zuten parte 1980 espedizio arrakastatsuan eta haien senideekin hitz egin dugu. Bai Kontxita Errok, Xabierren arrebak, bai Julen Hernandok, Emilioren semeak, gertutik bizi dute gaur egun mendia. Lehenak ederki gogoratzen du espedizio hura eta anaiak kontatutakoak. Bigarrena, ez zen oraindik sortua aitak Everesteko bidea hartu zuenean, baina, gerora aitak eta amak kontatu dizkiote Himalayan gertatutakoak. 

Bakailao goxoa eramaten zuten, are hobea ardoa. Musean partida luzeak jokatzen zituzten eta kantuan ere aritzen ziren maiz. 80. hamarkadan Everest helburutzat jarri zuten horiek, gazteak, mendizaleak, saiatuak, grinatsuak eta, batez ere, lagunak ziren.

Xabier Erro espedizioko beste kideak baino hilabete batzuk lehenago joan zen Himalaya aldera materiala eramatera. Bera izan zen azkena ere handik itzultzen, Euskal Herritik hara eramandako materiala berreskuratzen geratu baitzen. «Bueltan, baserriraino etorri zen Xabier» gogoratu du Kontxik eta auzoan pankarta bat ere jarri ziotela ongi etorria emateko. «Etxean gauza handi bat bezala bizitu zen, baina era berean, beldur handia genuen» kontatu digu Errok. «Aita zenak beti erraten zuen: baina zer du mutil horrek mendira joateko baserri inguruan mendia bertzerik ez badu» esan digu Kontxik aitaren hitzak gogoratuz. Haren aitak nekez ulertzen baitzuen semearen afizioa «ez zuen ulertzen zama bizkarrean hartu eta tontor baten bila joatea» esan digu Kontxik. Kontutan hartzekoa da, garai hartan, komunikazioa ez zela gaur egun bezalakoa, postaz bidez eta berandu,  heltzen ziren albisteak: «oroitzen naiz amak tximenia hegalean beti pizten zuela kandela bat semeari argia emateko». Bestetik, baina,  harrotasuna zen Erro sendiarentzat haietako bat espedizio hartako kide izatea, gurasoak eta anai-arreba denak anaiak lortutakoarekin oso harro zeudela nabarmendu du Kontxik.

Julenek ez zuen bizitu aitaren esperientzia hura, 10 urte beranduago sortu baitzen. Baina transmisiorik ez da faltatu familian: aitak, amak, aiton-amonak, izeba-osabak...denek kontatu diote 1980ko udaberri hartan lortutakoa. Amak ere izan zuen aukera Everesteko kanpo-basera joateko  «aita beltza zegoen eta ia-ia ez zuen ezagutu» esan du barrez Julen semeak. Etxean oraindik espedizioko materiala dute gordeta, gaur egun familiako hotel bat kudeatzen dute Markiñan eta han dago aitak erabilitako material dena. Baina Hernandotarren gazteenak ez du soilik jaso Everesten gertatutakoaren kronika, mendia ikusi, sentitu eta biziteko modua ere ederki transmititu zizkion Emilio Hernandok, haren aitak. Gaur egun, mendi-gida da Julen eta bere enpresa propioa du. Himalayara joateko aukerarik oraindik ez du izan, baina badu ilusioa aitak emandako urratsak segitzeko.

 

 

Jaurlaritza Logoa