En direct

naiz irratia

Aurtengo udalekuak kolokan

Koronabirusak hankaz gora jarri ditu programatutako ekitaldi eta jarduera ia guztiak. Uda gero eta gertuago dugun honetan, udaleku eta aisialdiko arduradunak ere kezkatuta daude ez dakitelako ekintzak egiterik izango duten ere. 

Audio_placeholder

Aurtengo udalekuak kolokan

Loading player...
Udalekuak
Udalekuak

Koronabirusak sortutako egoerak bertan behera utzi ditu ekitaldi eta jarduera asko. Udari begira jarrita, zalantzan jar daiteke udaleku eta aisialdiko jarduerak egin ahal izango ote diren. Egoera nola dagoen azaldu dute Txatxilipurdi elkarteko Ione Ojeak, EuskarAbenturako Irune De La Mazak eta Arabako Pilota Federazioko Iñaki Ruiz De Larrinagak Informazioaren Harian.

Agintariek informazio gutxi eman dute

Iñaki Ruiz De Pinedo Arabako Pilota Federazioko Eskola Kiroleko arduraduna da. Urtero ekainaren amaierarako euskara eta pilota uztartzen dituzten udalekuak antolatzen dituzte. Aurten ordea ez daki udalekuak egiterik izango duten. «Egun batetik bestera gauzak aldatu egiten dira eta horrek ezinegona sortzen du». Ruiz De Pinedok agintarien aldetik informazio falta nabarmena izan dela salatu du. «Instituzioek oraindik ez dute ezer esan euren udalekuen inguruan». Ione Ojeak eta Irune De La Mazak ere bat egin dute adierazpen horrekin.

Segurtasun neurriak betetzea zaila izan daiteke

EuskarAbentura Elkarteak uztailean egiten ditu bere udalekuak. Aurten, ordea, koronabirusak sortutako egoera dela eta abuztura atzeratzea erabaki dute. Irune De La Maza elkarteko kidea da eta adierazi du abuztuan ere ez dakitela egin ahal izango dituzten. «Une honetan dena kolokan dago». Gaztetxoak izena emanda daude EuskarAbenturarako joan den martxotik. Apirilaren hasieran publikatu ohi dute onartutako ikasleen behin behineko zerrenda, baina aurten, koronabirusa dela eta zerrenda horren publikazioa maiatzera atzeratzea erabaki zutela azaldu du. «Gaztetxoek ez dakite onartuta dauden edo ez. Lantalde osoa ere kolokan dago».

Segurtasun neurriei dagokienez, De La Mazak adierazi du ahalik eta esfortzu handiena egiten saiatuko direla neurriak bete daitezen. Baina hori bermatzea oso zaila izan daitekeela dio. «Denon gauza da hau, baina egiteko zaila izango da». Ione Ojea ere ados dago horrekin.

Alternatibak prestatu dituzte badaezpada

Deseskalatzearen lehenengo fasean egonagatik ere, Ojeak dio oraindik ez dutela ia informaziorik jaso. Ez dakite antolatzen dituzten jarduerak egiterik izango ote duten, besteak beste Debagoienako Herrietan egiten dituzten udaleku irekiak edo aisialdiko jarduerak. «Urduri gaude, jakinmin handiarekin eta haserre puntu batekin». Ojeak adierazi du oso informazio gutxi eman dietela. Hala ere ez omen dute oraindik itxaropena galdu. Ez dakite ekintzak egiterik izango duten, baina badaezpada alternatibak prentsatu dituztela dio Ojeak. «Planteamendu ezberdinak egin ditugu segurtasun eta irizpide berrietara moldatuak».

Jaurlaritza Logoa