En direct

Amaia Zurutuza
Entrevue
Garazi Montuschi eta Agus Rodriguez
Donostiako Hiritarron Harrera Sarea

«Gizarte zerbitzuak gainezka daude eta egun gogorragoak espero dira»

Koronabirusaren krisiak okertu egin du kalean bizi direnen edo egoera prekarioan bizi diren pertsonen egunerokoa. Une honetan, Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen zeregin nagusia pertsona hauentzat janaria lortu eta banatzea da. 

Audio_placeholder

«Gizarte zerbitzuak gainezka daude eta egun gogorragoak espero dira»

Loading player...
Bizileku eskubidea aldarrikatzeko Gasteizen egindako ekimena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Bizileku eskubidea aldarrikatzeko Gasteizen egindako ekimena. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zer da Donostiako Hiritarron Harrera Sarea?

Garazi Montuschi: Duela urte eta erdi sortu zen sarea, 2018ko udako migranteen iritsierarekin hiritar batzuk elkartu ginenean. Donostiako geltokira autobus batzuk iritsi ziren, jendez gainezka, Espainiako hegoaldetik zetozen. Pertsona hauei ematen zitzaien harrera oso minimoa zen eta modu ezberdinetan laguntzen hasi ginen.

Egoera ezberdinetara egokitzen joan gara. Mugimenduan zeuden pertsonekin hasi eta hemen gelditzea erabaki duten pertsonekin amaitu dugu lanean. Hilabete batzuk daramatzagu Donostian dauden pertsonei ahal dugun moduan laguntza bat ematen.

Koronabirusaren krisialdiaren aurrean, batez ere kale egoeran dauden pertsonekin ari gara ahal duguna egiten eta egoera prekarioan dauden edo gelditzen ari diren pertsonekin ere. Familia batzuei ere ari gara laguntzen.

Kalean bizi diren pertsonei laguntzen diezue, beraz, baina baita nolabaiteko bizilekua izan arren egoera zailean daudenei ere?

G.M.: Bai, baditugu lehendik ere sarearen laguntza jasotzen duten gazte dezente. Adibidez, laguntza sozialekin pisuren batean daudenak. Baina orain entitate askok beren lana gelditu dute, elikagaien bankuek adibidez. Ondorioz janaria falta zaio jende askori. Une honetan batez ere janaria lortzen ari gara pertsona hauentzat.

Kale egoeran dauden pertsonentzat espazio ezberdinak antolatu dituzte instituzioek. Donostian, adibidez, Atano pilotalekua egokitu dute. Nola baloratzen duzue antolatu den zerbitzua?

G.M.: Lekua prestatu da, piska bat berandu baina behintzat prestatu da. Egia da pertsona dezente dagoela aterpe hauetan baina aldi berean ez da nahikoa. Badakigu pertsona dezente itxaron zerrendan daudela eta beste batzuk ez daude zerrendetan baina aterperen baten zain daude. Noski jarri dituztela plazak baina gehiago eskatzen ditugu. Atanoko aterpea gainera oso txarra iruditzen zaigu. Iritsierarako espazio bat izan liteke, aterpe bat behar dutenentzat bi edo hiru egunerako lekua, baina beste batera joan arte. Astebete baino gehiago daramate 40 pertsona baino gehiagok bertan, armairurik gabe, intimitaterik gabe, esku-ohetan lotan… Uste dugu aterpe hobe bat prestatu daitekeela. Salatzen duguna da, batez ere, egoera honetan pertsona guztiak ez direla berdin tratatzen eta berdintasuna eskatzen dugu.

Donostian kale egoeran dauden pertsonak hartzeko espazioak egon badaudela diozue. Zer falta da orduan?

G.M.: Borondate politikoa. Egia esan langile sozialak eta elkarteak ahal duten guztia egiten ari dira baina borondate politikoa behar da. Uste dugu goitik hartu ditzaketela erabakiak beste hainbat aterpe prestatzeko. Aukerak badaude. Donostia hotel eta aterpez beteta dago, beraz, espazioa soberan dago.

Bitartean, Donostiako Udaletik baieztatu dute une honetan ez dagoela inor kale egoeran. Zuek ez duzue bat egiten baieztapen horrekin.

G.M.: Zerbitzu sozialak gainezka daude eta badakigu jendea dagoela oraindik kalean edo itxaron zerrendetan. Gainera jende askoren egoera okertzen ari da eta pertsona batzuk kale egoeran aurkituko dira. Krisialdi batean gaude, prebisio gehiagorekin lan egin beharko litzateke. Egun gogorragoak espero dira, jendea lanik gabe geratzen ari da.

Une honetan batez ere elikadura beharrei ari zarete erantzuten. Zein lan ari zarete egiten?

G.M.: Orain astero janari poltsak prestatzen ari gara egoera prekarioan dauden familiei eta kale egoeran dauden pertsonei eramateko. Erosketak egiten ditugu eta janaria ere jasotzen dugu. Eskertu nahi dugu hiritarren aldetik jasotzen ari garen laguntza eta elkartasuna. Agusen kasua, Gandariasena ere bai, egunero janari taperrak prestatzen ari dira Harrera Sarearentzat eta antzeko elkarteentzat. Jatetxe batzuk ere harremanetan jarri dira gurekin eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuek ere laguntza eskeini digute. Oso eskertuak gaude.

Bolondresen bidez ari gara janaria banatzen leku abandonatuetan, nolabaiteko aterpea dutenei janaria eramaten. Pisuetan dauden mutilek ere zailtasunak dituzte eta janari poltsak eramaten dizkiegu bolondresei esker.

Agus Rodriguez: Gure kasuan martxoaren 14ean iritsi zitzaigun taberna isteko dekretua. Soberan genuen janari pila bat eta Parte Zaharreko zaintza taldearengana jo nuen. Eurek jarri ninduten harremanetan Harrera Sarearekin eta hor hasi zen gure kolaborazioa. Lehenengo egunetan gehienbat sobratutako patata, arrautza eta halako osagaiak erabili genituen eta porru salda edo entsaladilla errusiarra prestatu genituen.

Niri inpaktua eragin dit ikusteak benetan zein tamaina duen arazo honek Donostian. Zaila da zenbatzea baina gutxienez 350 pertsona kale egoeran bizi dira eta horri gehitu behar zaio egoera prekarioan eta baliabiderik gabe dagoen jendea. Ikusten dut Harrera Sarea ari dela egunero jende pila bati janaria ematen eta bitartean instituzioek diote bitartekoak jarri dituztela. Nik esango nuke berandu jarri direla eta, besteak beste, Harrera Sareak egindako presioengatik. Hala ere ez da nahikoa. Atanon 100 pertsona batera jartzea ideia egokia da eraikin egokiagoak izanik? Udalak baditu eraikinak, Aldundiak baita ere eta zer esanik ez elizak. Hotel eta ostatu asko daude baina Donostialdean elizak ere baditu bere hondasunak. Grosen adibidez ustu berri den Maria Bihotzaren eskola oso espazio egokia lizateke.

Harrera Sarean nire ekarpena eboluzionatzen joan da. Lehenik tabernan sobratutako janaria bideratu genuen eta errealitatea ezagutu dudanean jarraitu dut. Pertsonalki oso aberasgarria da zure laguntza jasotzen duen pertsonaren aldetik jasotzen duzun eskerra. Mundiala da! Ni inguruan saiatzen ari naiz balorean jartzen Harrera Sareak egiten duen lana. Instituzioek bermatu beharko luketeen lana da baina ez dute egiten. Hori erabaki politikoa da, dirua badago uhartean sekulako eskultura polita egiteko, baina nik jakin nahiko nuke zein baliabide bideratzen den kale egoeran deudenei erantzuteko. Krisialdi hau amaituko da baina hurrengo egunetan zer?

Nola ari dira bizitzen egoera nahasi hau kale egoeran dauden pertsonak?

G.M.: Kezka handiarekin, hasieran ez zuten oso ondo ulertzen gertatzen ari zena, batzuk gaztelera ikasten ari dira, asko kanpotarrak baitira. Oso eskertuak daude janaria jasotzen ari direlako eta ikusten dutelako badutela babes soziala. Baina egia da kezka are eta handiagoa dutela ondoren gertatuko denarekin.

A.R.: Informazio falta dute. Guk komunikabideak jarraitzen ditugu, baina haien kezka nagusia da ez daukatela informazio nahikorik. Eskertuta daude baina kezkatuta.

G.M.: Alde emozionala ere hor dago. Guk denbora daramagu Harrera Saretik alde emozionala azaleratzen. Pertsonak dira baina oso baztertuta dagoen kolektibo bat da. Alde emozionalean ere kriston beharra dute. Garrantzitsua da beraiek jakitea ez daudela bakarrik. Entzutea oso garrantzitsua da. Jende zahar askorekin gertatzen den bezala, oso garrantzitsua da entzutea, jarraipena egitea.

Ikusten ez ditugun pertsonak dira?

A.R.: Tabernari askori gertatuko zitzaigun Donostian, pintxolandian, gauetan soberan ditugun pintxoekin zer egin ez jakitea. Gu Rekaldeko azken garaian hasi ginen Bulebarrera joaten eta kutxazain automatikoetan zeudenei ematen. Hostalariok interpelatuak sentitu behar gara. Gutxinaka beste taberna batzuk animatzen ari dira.

G.M.:Bisualki burura etortzen zaiguna da kutxazainetan dagoen jendea edo kalean dagoena, baina badago jende asko aterpe prekarioetan, fabrika abandonatuetan eta nahiko ahaztuak daude. Eskatzen duguna da baliabide gehiago jartzea gizarte zerbitzuetan pertsona hauek atentzio integralago bat izan dezaten. Etorkizun bat izan dezaten, ez soilik lo egiteko leku bat eta jana. Beraiek, guk bezala, etorkizun bat nahi dute. Baliabide gehiago eskatzen dugu.

Jaurlaritza Logoa