En direct

Naiz Irratia

Liher taldearen azkena, 14 kantu eta transmedia proiektu oso bat

'Hemen Herensugeak daude' diskoa kaleratu berri Musikharia saiora hurbildu dira 'Liher' taldeko Iñigo Etxarri eta Joska Natke. Kateatuak dauden 14 kantuz osatutako lana da, genero indarkeria ardatz, emakume baten istorioa kontatzen da. Baina, Liherrekoak ez dira disko soil bat kaleratzera mugatu, proiektu transmedia oso bat garatu dute. 

Audio_placeholder

Liher taldearen azkena, 14 kantu eta transmedia proiektu oso bat

Loading player...
Liher taldeak gaur aurkeztu du bere azken lana, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Liher taldeak gaur aurkeztu du bere azken lana, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

'Hemen Herensugeak daude' diskoa 14 abestiz osatutako lana da,  eta kantuz kantu,  emakume batek bizitakoa kontatzen da hilekoa jaisten zaion lehen egunetik aurrera. «Ez dakit diskoa salaketa bat den, baina, behintzat,  genero indarkeriaren errealitatea mahai gainean jartzeko ariketa bat da», azaldu du Musikharia saioan Natke Liherreko baxu joleak. Hain zuzen, genero indarkeriarena errealitate unibertsal bat delako, diskoko protagonistak ez du izenik, «tamalez edozein emakume izan daiteke».  

'Oskarbi' seigarren kantuak badu garrantzia berezia 'Hemen Herensugeak daude' diskoan. «Zerua oskarbi, txoriak kable elektrikoetan eta nire eskuak odolez blai» dio letrak, bere defentsan bikotekide ohia hiltzen duen emakume baten istorioa kontatzen du kantuak. Eta kantu horretatik sortu zen diskoa osatzeko kontzeptua.

Baina, 'Hemen Herensugeak daude' ez da 14 abestiz osatutako disko soil bat. Irudiak ere landu dituzte, eta narratiba transmedia oso bat sortu dute. Horren adibide da diskoaren hitzaurre moduan zabaldu zuten thriller laburra. Iñaki Beraetxe protagonista nagusi duen pieza horrekin harritu gintuen Liher-ek. Beraetxe inspektore zorrotz baten azalean eta Liher-eko taldekideak haren azpiko, hilketa bat argitzea da haien misio berria. Orain, diskoa kalean dela, errez egiten da bien arteko lotura. 

Sarean, Liher taldearen youtube kanalean entzungai daude kantu denak. Entzungai eta ikusgai, Matu Santamaria ilustratzaile argentinarrak ilustrazio ederrak egin baititu. Pixkanaka joanen dira zabaltzen kantuen bideoklipak; oraingoz, bakarra zabaldu dute: 'Teloia'.

Diskoa aurkezteko birari hasiera emango diote datozen egunetan, coronavirusa arazo ez bada behintzat, Alemania eta Suitzan izanen dira lehendabizi, eta ondoren, Euskal Herrian jarraituko dute bira. 

Jaurlaritza Logoa