En direct

Naiz Irratia

Miren Legorburu (Zaporeak): «Oraintxe lasaitasun faltsu baten erdian gaude; Lesbos-eko giroa presio heltze baten modukoa da»

Faxista talde baten erasoa pairatu ostean, «lasaitasun faltsu» baten erdian aurkitzen direla azaldu du Miren Legorburuk, hiru asterako Zaporeak ekimenaren baitan Lesbosen den gipuzkoarrak. Naiz Irratian izan da momentuko egoera zein den azaltzen.

Audio_placeholder

Miren Legorburu (Zaporeak): «Oraintxe lasaitasun faltsu baten erdian gaude; Lesbos-eko giroa presio heltze baten modukoa da»

Loading player...
Zaporeaken elikagai banaketa Lesbosen. (ZAPOREAK)
Zaporeaken elikagai banaketa Lesbosen. (ZAPOREAK)

Igande arratsaldean faxista talde baten erasoa jasan zuten Zaporeak ekimenaren baitan janaria partitzen jarduten dutenek. Boluntarioak makilez kolpatu zituzten faxistek eta furgonetan ere kalte larriak eragin zituzten.

Zaporeak ekimenaren baitan hiru asterako Lesbosera joan denetako bat da Miren Legorburu, azaldu du «tentsio handia» sumatzen zela egunotan. Atenaseko gobernuak CIES internamendu zentroak irekitzea erabaki zuela kontatu digu, eta horrek mota guztietako erreakzioak eragin dituela, «hasi ezkerretik ultraeskuindarretaino». Legorburuk azpimarratu du, ordea, haserrealdi hori ultraeskuindarrek kapitalizatzea lortu duetal nolabait. Gainera, Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak muga irekita uztearen erabakiak ildo horretan ez duela asko lagundu nabarmendu du: «Faxistek ikusi dutenean oraindik eta errefuxiatu gehiago iritsi daitezkela Greziara, haserrea areagotu egin zaie». Haserrealdi horren jomuga GKEk izan direla gehitu du.

Une hauetan «lasaitasun faltsu» baten erdian daudela azaldu du. Momentuz gaur bizi diren etxetik ez ateratzea erabaki dute, egoera zertxobait lasaitzen den arte. Izan ere, gaur bertan ere errefuxiatuak laguntzen jarduten duten alokairuzko kotxeak erasotuz aritu direla ziurtatu du. Bertako giroa «presio heltze» moduko bat dela esplikatu du Legorburuk. «Orain heltze horren baporea noiz eta norarte jeisten den ikusi behar dugu». 

Edonola ere, nahi izanda ere, Legorburuk azaldu du orain ere ez luketela janaria nola banatu edukiko, furgoneta txikituta baitute: «ACNUR Errefuxiatuen laguntzarako erakundea gurekin harremanetan jarri da gaur inoiz baino errefuxiatu kopuru handiena iritsi delako eta galdetu digu ia janaria banatzeko moduan egon gintezkeen. Kontua da ez daukagula janaria nola eraman».

Horiek horrela, Legorburuk dio egoera «onartezina» izan dela hasieratik. «Errefuxiatuak gerratik iesi datoz eta Gobernuek baldintza minimoak ere ez dituzten eremu itxi horietan sartzen dituzte. Ez zaizkie gutxieneko eskubideak ere bermatzen. Egoera jasanezina da». Gobernuek «mundu mailako drama honi» erantzun bat eman behar diotela dio Legorburuk.

Bera hiru astetarako txanda baten baitan bidaiatu du Lesbos uhartera errefuxiatuei laguntza ematera; aste honen bueltan itzuliko da Euskal Herrira, eta nahiz eta egoera lazgarriak bizi dituzten, bertan geldituko litzatekeela ziur da.

 

 

 

Jaurlaritza Logoa