En direct

Naiz Irratia

Gipuzkoako helduen egoitzetako senideek inplikazioa eskatu diote ADEGIri gatazka konpontzeko

Gipuzkoako helduen egoitzeko langileek 226. eguna beteko dute gaur greban. Luze doa protestaldia, eta momentuz ez du bideratuko den itxurarik. Sindikatuak, momentuz, martxoaren 8ra arteko mobilizazioak iragarri dituzte. Egoiliarren senideek, euren aldetik, ADEGIren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute patrolanalen inplikazioa eskatzeko. Horri buruz aritu da Nekane Saenz de Cabezon egoiliar baten senidea Naiz Irratian.  

Audio_placeholder

Gipuzkoako helduen egoitzetako senideek inplikazioa eskatu diote ADEGIri gatazka konpontzeko

Loading player...
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek greba eguna dute eta protesta egin dute Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. (Foku/Andoni Canellada)
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek greba eguna dute eta protesta egin dute Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. (Foku/Andoni Canellada)

Nekane Saenz de Cabezonek bere osaba du Berra helduen egoitzan. Berak azaldu du ohiko baliabideekin langileak ezin iritsi aritzen direla lanean, eta greban daudenez geroztik, are agerikoagoa dela ezintasun hori. Berrako egoitzan ez ezik, Gipuzkoako egoitza guztietan antzerako egoerak bizi dituztela baieztatu du, nahiz eta bakoitzak bere ezaugarriak izan. Egoiliarren «higienea» gauzatu ezin ahal izatea, edota «korrika eta presaka garbitu eta lehortzea» dira aipatu dituen kasuetako batzuk. Horrek, noski, egoiliarretan osasun arazoak ekar ditzake, infekzioak kasu.

Langileen hitza entzunaraztea ez ezik, senide eta erabiltzaileena ere garrantzitsua dela dio Saenz de Cabezonek. Urriaz geroztik asteartero protesta egiten ari dira Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean, Donostian; asteazken honetan, ordea, «beste pausu bat» ematea pentsatu dutela azaldu du. Izan ere, ADEGIren egoitzan elkartu dira «patronalari ere esateko eurek ere ardura dutela honetan». Salatu nahi izan du eurentzako «diru iturria» besterik ez direla helduen egoitzak, eta ulertzekoa dela «etekinari» begiratzea, baina «helduen osasunaz eta ongizateaz ari direla» gogorarazi du.

Auzia konpontzeko argi bila, «borondatea» ikusten du irtenbide Saenz de Cabezonek. «Enpresek etekin gutxiago atera, Aldundiak pixka bat geixeago finantzatu...».

Elkarte batean egituratuta

Auzi honetan egoiliarren hitza entzunarazteko helburuz, elkarte batean egituratzea erabaki zuten senideek. Euren helburua egoitzetako bizi baldintzak egokiak izan daitezen horretan laguntzea dela azaldu du Saenz de Cabezonek, «gabeziak jakinarazi eta hobetzeko proposamenak egitea».

Elkartea berria bada ere, gaur egun «400dik gora kide» biltzen dira elkartearen baitan.

Mobilizazioak epe laburrean amaituko direnik ez dirudien arren, eurek hor jarraituko dutela esanez amaitu du Saenz de Cabezonek.

Jaurlaritza Logoa