En direct

Naiz Irratia

Igande honetan estreinatuko da 'Etxeko Uzta' podcasta Naiz Irratian

Igande honetan estreinatuko da 'Etxeko Uzta' Naiz Irratian. Euskal Herrian egiten, aditzen eta dantzatzen den musika aitzakiatzat hartuta, hausnarketarako plaza bat sortu dute Ramon Zabalegi, 'Izen bako' emakumeak, eta Asier Bukowskik. Gaiaren arabera,  gonbidatu ezberdinek hartuko dute parte. Lehendabizikoan, Kattalin Minerrekin eta Iñigo Etxezarretarekin solastuko dute feminismoaz eta regetoiaz hitz egiteko.

Audio_placeholder

Igande honetan estreinatuko da 'Etxeko Uzta' podcasta Naiz Irratian

Loading player...
Etxeko Uzta - hirukote
Etxeko Uzta - hirukote

'Etxeko Uzta' ez da musika saio bat, baizik eta musika aitzakiatzat hartuta, jendarteko gai batzuei helduko dien saioa. Horregatik, saioko gidari diren Ramon Zabalegik, 'Izen Bako' emakumeak eta Asier Bukowskik diote musika estilo ezberdinetatik tiraka sortutako hausnarketa kolektibo bat dela 'Etxeko Uzta'. Are gehiago, Asier Bukowskiren esanetan  «xaxatzeko intentzioa» -rekin datoz, eta hori,  aukeratu dituzten gaiek aski garbi islatzen dute. Lehendabiziko podcastean 'feminismoa eta regetoia' gaia aukeratu dute. 

Hilabetero podcast monografiko bat egingo dute, Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarreta izango dira lehendabiziko gonbidatuak feminismoaren eta regetoiaren arteko harremanaz solasteko. Bigarrena, euskal musika eta umoreari buruzkoa izango da «edo umore eza» dio 'Izen Bako' emakumeak, eta Asierrek: «euskaldunok beti izan dugu drama&base-erako joera». Aurreratu digute hirugarren podcastean elektronikaren munduan murgilduko direla, «hasieran gorriak ikusi zituzten» dio Ramon Zabalegik.

Gidari hirukoteak dio polemikoak izan daitezkeen gaiak aukeratu dituztela «gure grina eta zalantzen inguruan aritu nahi dugu, ez betiko gaien inguruan» argitu du Ramonek. Diote saio hauek balio dutela hausnartzeko, baina,  begirada zabaltzeko eta «baditugun aurreiritzi batzuk kentzeko» baita ere. Saioaren  gakoa  gonbidatuen aukeraketa ona izan dela dio Asierrek «nik uste dut asmatu dugula gonbidatuekin. Jokoa emateaz gain, gauza interesgarri asko esan dituzte eta nik ikuspuntuz aldatu dut».

Hilabeteko hirugarren igandean zabalduko dira 'Etxeko Uzta' podcastak Naiz Irratian eta entzungai jarriko dira ere ohiko plataformetan. Lehendabizikoa igande honetan, otsailak 16, zabalduko da iluntzeko zortzietan. Saioarekin batera, Naiz Irratiko spotify kontuan kantu zerrenda bat zabalduko da saioan zehar aipatutako erreferentzia musikalekin.

Jaurlaritza Logoa