En direct

Urte hasieran egin ohi duten bezala, biztanleriaren inguruko datu berriak argitaratu dituzte egunotan estatistika erakundeek. Gaindegiak guztiak bildu eta interpretatu ditu eta ondorio nagusi bat atera du: Euskal Herriko hazkunde demografikoa indartzen ari da.
Jaiotza-tasa apala eta zahartzearen ondoriozko heriotza-tasa altua izan arren, hazkunde demografikoa indartu egin da, Estatu espainiarretik kanpoko etorkin fluxuei esker. Alde horretatik, euskal herritarren jatorri aniztasuna handitzen ari da.
Euskal Herri osoko biztanleriaren erradiografiak azken hamarkadako hazkunde handiena gertatu dela islatzen du (+%0,59). Orotara, 3.170.891 pertsona bizi gara Euskal Herrian, 2018an baino 18.673 gehiago. Gainera, herrialde guztietan handitu da biztanleria, Zuberoan izan ezik.
Egun euskal herritarren %55 hiriguneetan eta %27 bitarteko hiriguneetan bizi direla zehazten dute estatistika erakundeek. Gainerako %17, aldiz, landa eremuan bizi dira. Beste era batera esanda, biztanleriaren %82 lurraldearen %15ean bizi da.
Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak ohartarazi du datuok erakusten dutela desoreka handia dagoela eta eremu metropolizatuek hartu dutela zama. Gehiegizkoa, ordea, izan ere, «Europako eta mundu mailako beste herrialde batzuekin alderatu ditugu datuak eta nabarmen ikusten da gurean biztanleriaren %55 oso eremu metropolizatuetan bizi dela eta Danimarka, Erresuma Batua edota Alemanian ez dagoelako halako desorekarik».
Egoera honetan, «lurralde oreka zaintzea» ezinbestekotzat jo du eta horretarako «hitzarmen zabal» bat behar dela baieztatu du. «Herri irizpide moduan hartu behar da, ez soilik instituzio edo alderdi politikoen aldetik, baizik eta eragile sozial eta ekonomikoen aldetik ere».


