En direct

Naiz Irratia
Entrevue

SOS Gaztelugatxe:«Turismo masiboa eta natura babestea ez dira bateragarriak»

Gaztelugatxe bisitatzera joaten den jende kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. Libe Arenaza SOS Gaztelugatxe plataformako kidea da, eta adierazi du 2019ko udan 400.000 bisitari izan direla bertan. Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxe Bizkaiko kostaldearen erakusgarri bihurtu nahi du, eta horrek plataformari sortzen dizkion kezkak azaldu ditu Arenazak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

SOS Gaztelugatxe:«Turismo masiboa eta natura babestea ez dira bateragarriak»

Loading player...
Gaztelugatxe. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Gaztelugatxe. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Gaztelugatxek jasotzen duen «turismo masiboa»-rekin oso kezkatuta dago SOS Gaztelugatxe plataforma, Libe Areanaza bertako kidea da eta honek dakartzan arazoak azaldu ditu NAIZ Irratian. 

Arenazak nabarmendu duenetako bat, garraio publikoaren falta. Salatu du ez dagoela inolako garraiobide publikorik eta bisitariak ibilgailu partikularretan joaten direla lekua bisitatzera. Gaur egun 370 aparkaleku daude ibilgailuentzat, baina Arenazak azaldu du motz geratzen direla, «ia 500 kotxe egoten dira bide bazterrean gaizki aparkatuta».

Bizkaiko Foru Aldundiak joan den urriaren 25ean aurkeztu zuen publikoki ‘Gaztelugatxera iristeko bideak: eraikuntza proiektuaren II. Fasea’ txostena. Bertan 51 autorentzako aparkaleku berria eraikitzea proposatzen du. Arenazak azaldu du aparkalekua ez dela handia, eta eraikitzeko obra izugarria egin behar dela. Parkinaren proiektu horrek 1600 metro karratuko azalera hartuko luke, eta hori eraikitzeko 9000 metro kubiko harri ekarri beharko lirateke lurra berdintzeko. SOS Gaztelugatxe plataformako kideak adierazi du harri horiek ekartzeko kamioiak Bakiotik igaroko liratekeela, eta hango errepidea oso estua eta malkartsua dela kamioiak ibiltzeko, «bide horretatik kamoiak igarotzea ez da jasangarria».

Gainera, aparkalekuak berak arazo asko dituela esan du Arenazak. Eraiki nahi duten lekua bere garaian ingurumen inpaktua orekatzeko landaketa bat egin zuten gunea dela adierazi du, «ia legez kanpokoa da».

Biotopo babestua da Gaztelugatxekoa, eta plataformako kideak adierazi du  horrenbeste jende batera gune horretan kontrolik gabe sartzea ez dela normala. «Jendea etortzea sustatu da zuzenean, aldez aurretik plangintzarik egin gabe», Arenazaren esanetan.

Tursimo masibo horri konponbide bat eman behar zaiola adierazi du SOS Gaztelugatxe plataformako kideak. Gaineratu du inguruko herritarrek Gaztelugatxerekin duten harrremana guztiz aldatu dela. Orain Bakioko Udalak moratoria bat eskatu duela adierazi du, proiektua gelditu, aztertu, eta batez ere bertara heltzeko garraio publikoa sustatzeko.

Jaurlaritza Logoa