En direct

Naiz Irratia

Iker Aramendia (Esa+Ez): «Kezka hor baldin bazegoen, arrakala berriekin areagotu egin da»

Esako urtegian arrakala, pitzadura berriak agertu direla salatu dute. Esaren eskuin magalean arrakala handiak ageri dira ESA+Ez eta Rio Aragon elkarteek zabaldutako bideoetan. Azken asteetan izan diren euriteen ostean agertu dira pitzadurak. Iker Aramendia Esa+Ez plataformako kidearen izan gara.

Audio_placeholder

Iker Aramendia (Esa+Ez): «Kezka hor baldin bazegoen, arrakala berriekin areagotu egin da»

Loading player...
Grietas Yesa
Grietas Yesa

Esako urtegiaren inguruetan arrakala berriak agertu dira. Esa+Ez plataformak eta Rio Aragon elkarteak zabaldu dituzten irudietan pitzadura handiak ageri dira, ustez, azken asteetan izan diren euriteek eragindakoak. Edonola ere, inguruetan bizi diren bizilagunak kezkatuta jarraitzen dutela argitu digu Iker Aramendiak, Esa+Ez plataformako kideak: «Elkarretaratze bat deitua genuen duela astebete Nafarroako gobernuak kaleratutako azken txostenarengatik, zeren bertan ikusten ziren hainbat gauza potolo. Eta gehiegi sakondu gabe uste genuen zerbait esan behar genuela. (...) Eta orain berri gehiago ditugu. Duela egun gutxi bueltatxo bat eman genuen urtegitik -tarteka egiten dugu-, eta ikusi genituen arrakala berriak; toki ezagun batean, baina pitxadura berriak eta sakonak, luzeak zirela ikusi genuen. Kezka hor baldin bazegoen, pitxadura berriekin areagotu egin da».

Arrakalak zerk eragin dituen galdetuta, Aramendiak dio «geologoek diotenez euriteek» eragin dituztela. Bere momentuan Konfederazioak ere argumentu berbera erabiltzen zuela esan du Aramendiak, eta hala izango dela, baina gogoratu behar dela kasu honetan eskuin magala urtegi baten ondoan dagoela. Azkenaldian ingurunea desegonkortzen ari dela salatu du Aramendiak, eta Konfederazioaren berri ofizialen faltan, zerbait ikusten dutenean egoera salatu beharrean aurkitzen direla gaineratu du. 

Berriki Nafarroako Gobernuak urtegiaren segurtasunaren inguruko txosten mardula kaleratu du. Teknikoen azterketa sakon baten faltan, lehen inpresio modura, azaldu du Konfederazioaren lana ezbaian jartzen duela txostenak: «Txostenak dio Konfederazioak orain arte egindakoak ez duela ezertarako balio izan, dirua gastatzeko bakarrik. Eta hemendik aurrerako dituen planak dena konpontzeko ez direla nahiko». Bestetik, gaineratu du Aramendiak, txostenak aipatzen du «eskuin magala oreka hertsian» dagoela, alegia, oreka egon badagoela baina «horren estua da, pintzekin hartua dagoela».

Irtenbide aukeren inguruan talde politiko eta teknikariei begira jarri da Aramendia. «Guztiak ados daude orain hasi beharko balira proiektu honekin ez zirela hasiko. Asuntoa da gastatu dituztela 200 milioi eta orain ia nor ausartzen den gelditzeko agindua ematera...». Aramendiak azpimarratu du, 200 milioi gastatu badira ere, beste horrenbeste gastatu beharko luketela urtegiaren segurtasunean. Edozein kasutan, bere ustez oraintxe egin beharko litzatekeena da guztia gelditu, berriz pentsatu zer egin magalak egonkortzeko eta irtenbide duin bat eman gaiari. «Urtegia ez da haunditu behar; ur gutxiagorekin ere badaude irtenbideak. Guzti hori aztertu, gardentasunez eta etorkizunari begira, horixe da gure ustez egin beharrekoa». 

Aramendiak ziurtatu du bizilagunak ezin direla egunerokoan kezka horrekin bizi. Nolabait ere horrekin bizitzen ikasi dute: «Hasieran beldurtuta ginen, gero kezkatuta eta orain arduratuta».

Bihar arratsaldean elkarretaratzea deitu dute 19:30etan Zangotzako udaletxeko arkupetan.

 

 

 

zabaldu

Jaurlaritza Logoa