En direct

naiz irratia

Apustu etxeen ugaritzeari aurre egiteko urrats berria

Iruñerriko apustu etxeen kontra mobilizatu dira auzotarrak eta plataformak sortu dituzte. Azken hilabeteetan Sanduzelain, Uharten, Mendebaldean, Eguesibarren, Berriozarren, Txantrean, Arrotxapean eta Donibanen zabaldu dituzte apustu etxeak, eta hori dela eta, kezka nagusitu da auzotarren artean.

Audio_placeholder

Apustu etxeen ugaritzeari aurre egiteko urrats berria

Loading player...
Koordinadora sortu dute apustu etxeen kontrako plataforma desberdinen kideek.
Koordinadora sortu dute apustu etxeen kontrako plataforma desberdinen kideek.

Ludopatiaren kontra aritzen den Aralar elkarteak ere bat egin du mobilizazio honekin. Orain, beste urrats bat eman eta auzoetan sortutako talde desberdinak elkartu eta koordinadora sortu dute. Mobilizazio eguna antolatu dute otsailaren 8rako. Montxo Barea Sanduzelaiko apustu etxeen kontrako plataformako kidea da, eta apustu etxeen kontrako koordinadora sortzea beharrezkoa zela uste du, «talde guztiek norabide berdinean lan egiten badugu, indartsuagoak gara».

Koordinadora berri hau sortzean taldeek duten helburuetako bat beste herri edo hirietan eragina handitzea da, «ikustarazi nahi dugu ez dela bakarrik gure auzoko arazo bat, eta beste talde batzuk animatu nahi ditugu apustu etxeen kontrako plataforma sortu eta gurean sartzera, talde edo norbanako bezala».

Azken hilabeteetan apustu etxe berri ugari zabaldu dira eta Barearen eta plataforma desberdinen arabera, hau ez da kasualitatez sortu den fenomeno bat, «helburu politiko argia dute; izan ere, apustu etxe gehienak langile auzoetan zabaldu dira». Montxo Bareak dio «diru azkarra» lortzearen kontzeptuarekin zerikusia duela apustu etxe berrien zabaltzeak, «askoz ere errazagoa da lan prekarioa duen pertsona bat harrapatzea, lan duina duena baino».

Bareak dio internetek apostuak areagotzen dituela, eta hori dela-eta, plataforma eta talde desberdinak ez direla soilik apustu etxeetan zentratzen, «arazoa askoz larriagoa da. Edonork eduki dezake eskura telefono mugikor edo ordenagailu bat eta dirutza gastatu».

Nafarroako Gobernuarekin atzo izan zuten bilera apustu etxeen kontrako plataformako kideek eta exekutiboko jarrera positibotzat kalifikatu du Bareak. Hala ere, «erronka nagusia» kalean dagoela uste du, «presioa» sortuz. Bizilagunen partetik jasotako harrera, bestalde, «oso ona» izaten ari dela dio.

Plataformatik diote, prebentzioari begira ere neurriak hartzea garrantzitsua dela, «jadanik ludopatia duten pertsonak ondo zaindu behar ditugu, baina batez ere berriak ez sortzen ahalegindu behar gara. Horretarako hezkuntza oso garrantzitsua da».

 

Jaurlaritza Logoa