En direct

Naiz Irratia

Iratxe Azkue [LAB Bizkaia Metala]: «Ez digute beste aukerarik eman eta grebara joko dugu»

Azaroaren 28tik abenduaren 19ra bitarte zortzi greba egun erregistratu dituzte Bizkaiko Metalgintzako sindikatuek. Negoziazioak errazteko proposamen berri bat egin zuten sindikatuek, baina «FVEMek proposatutako puntuak ez onartzeko aitzakiak jartzen dituzte», errefusatu du Iratxe Azkuek, LABeko Industria Federazioko kideak.

Audio_placeholder

Iratxe Azkue [LAB Bizkaia Metala]: «Ez digute beste aukerarik eman eta grebara joko dugu»

Loading player...
Bizkaia Metala LAB
Bizkaia Metala LAB

Lan hitzarmena berritzeko patronalak duen «borondate faltaren» aurrean, zortzi greba egun deitu dituzte sindikatuek. Azaroaren 28, 29, abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19rako deitu dituzte grebak LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek.

Pasaden astean sindikatuek proposamen berri bat aurkeztu zioten FVEM patronalari hitzarmen berri bat adosteko. Bost arlotako proposamenak eraman zituzten negoziazio mahaira: lan osasunaren ingurukoak, berdintasun planak, bajen elementu erregresiboa atzera botatzea, behin-behinekotasuna eta ABLEi buruzkoak eta sektore azpikontraten subrogazioaren ingurukoak. Bi bilera egin dituzte horren ondoren eta patronalaren jarrera «lotsagarria» izan dela salatu du Iratxe Azkuek, LABeko Bizkaiko Industria Federazioko arduradunak. «Gure mugimenduei ez die erantzunik eman eta aitzakiak jartzen dituzte hori ez betetzeko. Sindikatuoi mugimendu gehiago eskatzen digute, baina beraiek jarrera ez dute aldatu. Ez digute beste aukerarik eman eta grebara joko dugu berriro».

«Langileak nazkatuta daude, patronala adarra jotzen ari zaie eta beste irtenbiderik ez diete eman. FVEMek orain arte greben ondoren egin ditu mugimenduak, beraz, borrokan jarraituko dugu».

Sindikatuek eta FVEMek hamar bilerako egutegia ezarri zuten. Beste hiru daude zehaztuta hurrengo asteetarako, lehen grebaren aurretik. Bizkaiko metalgintzan ez dago lan hitzarmen orokorrik 2011z geroztik, eta egoera horrek 50.000 langileri eragiten die.

Jaurlaritza Logoa