En direct

Naiz Irratia

«Gure kaleratzea sinarazi nahi digute eta guk hori ez dugu onartuko»

Egun batetik bestera kaleratuta daudela jakinarazi diete Araluce enpresako 141 langileei. Legez kanpoko itxiera dela salatu dute sindikatuek eta konponbidea bilatu nahian dabiltza beharginak, Lain Nuñez langileen batzordeko kideak azaldu digunez.

Audio_placeholder

«Gure kaleratzea sinarazi nahi digute eta guk hori ez dugu onartuko»

Loading player...
Araluceko langileak ertzaintzaren aurrean (@ELAsindikatua)
Araluceko langileak ertzaintzaren aurrean (@ELAsindikatua)

Joan den ostiralean, Igorreko Araluce lantegia gaueko txandan zegoela, likidatzaileak barrura sartu eta beharginei kaleratuta zeudela jakinarazi zieten. «Oso gau txarra» izan zen, Lain Nuñez langileen batzordeko kideak salatu duenez: «Deitu zidaten telefonoz, esanez likidatzaileak zeudela lantegian, itxiera patronala zegoela». Ondoren, makinak desmuntatzen hasi ziren enpresaz kanpoko langile batzuk. Elkarretaratze jendetsua egin zuten Araluceko beharginek kanpoan eta dispositibo handia zabaldu zuen Ertzaintzak: «50 ertzain zeuden, hori guretzako oso gogorra izan zen».

Patronala eta langileak negoziatzen ari ziren, baina bat-batean eta ezustean heldu zaie albistea beharginei. Hala, 4.000 biztanleko herrian, 141 langile kaleratu dituzte. Sindikatuek diote itxiera hori ilegala dela eta, txostenaren zain, langile batzordeak dio lantegiak baduela etorkizunik: «Guk uste dugu Aralucek oraindik asko eman behar duela.

Izan ere, 2016ko urtean Mondragon taldeko Batz kooperatibak hartu zuen lantegia eta beharginen baldintzak aldatu zituen: «Gure baldintza asko urritu genituen, lana mantentzeko. Orain diote itxi egin behar dutela Araluce, Batz mantentzeko. Patronalak egindako eskaintza bakarra da hori, lantegia ixtea: «Gure kaleratzea sinarazi nahi digute eta guk hori ez dugu onartuko. Hau ixtea nahi dute eta guk uste dugu Aralucek oraindik ibilbide luzea duela. Borroka egingo dugu gureagatik, pentsatzen dugu Aralucek oraindik asko duela emateko».

Kalean eta erakundeetan borrokan segiko dute Araluceko langileek: manifestazioetan egunero, ostegunean, Lan Harremanetarako Kontseiluan egingo dute bilera patronalarekin eta, ostiralean, Eusko Legebiltzarrera joango dira, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen bidez, Arantxa Tapia eta Estefania Beltran de Heredia sailburuei azalpenak eskatzera.

Jaurlaritza Logoa