En direct
Nafarroa Oinez jaiaren zikloa ixteko eguna izan du gaur Argia Ikastolak, lekukoa Lizarrako ikastolari pasata. Eguraldiak baldintzatu du, txarrerako, aurtengo jaia, baina baikor agertu da Maru Eriz, Argia ikastolako lehendakaria, ondoren jasotako laguntzarekin: «Elkartasun deiak izan du bere isla, jende askok bere ekarpena egin du eta esan dezakegu kopuru polita lortu dugula. Oso eskertuta gaude jaso dugun elkartasunarekin».
Jaiak zeuzkan helburu ekonomikoak zapuztu zituen eguraldiak, ohi baino askoz jende gutxiago gerturatu zen eta kontsumoak behera egin zuen. Gastuei aurre egiteko kanpaina abiatu zuten orduan: «Ez dugu aurreikuspena bete, baina orain kontuak ixten ari gara, fakturak ordaintzen eta, behin betiko zifra dugunean, berregokituko dugu egoera berri honetara. Neurri txikiagoan bada ere, helburuei aurre egingo diegu».
Garai ilunagoak bizi izan dituztela oroitu du, gainera, Erizek, eta aurrerantzean ere Erriberan euskara bultzatzeko moduan izango direla nabarmendu du: «Duela 35 urte hasi ginen eta egoera kaskarragoetan izan gara. Motelago bada ere, aurrera goaz».
Lizarrako ikastolari lekukoa pasa dio gaur, Tuterako Argia ikastolak: «Nafarroa Oinez beti dago martxan. Batzuk urtea ixten dugu, beste batzuk, ireki. Orain Lizarrako ikastolari dagokio eta gogotsu ikusi ditugu. Gu, gure laguntza eskaintzeko prest».
Herritarrei ere zuzendu zaie: ekarpenak egiteko, webgunearen bidez, oraindik badago aukera: «Ikastolara zuzenean deituta ere, gustoz hartuko ditugu deitzen digutenak».