En direct

Naiz Irratia

«Denok gara ekonomialari, denok dugu etxea kudeatzeko ardura»

Ekonomialari euskaldunen lehen biltzarra egingo dute Donostian, azaroaren 14an. UEUk eta Ekonomistak Elkargoak antolatuta, orotariko gaiak landuko dituzte. Oskar Arantzabal antolatzaileak eta UEUko ekonomia sailburuak azaldu digu biltzarra irekia izango dela edonorentzat.

Audio_placeholder

«Denok gara ekonomialari, denok dugu etxea kudeatzeko ardura»

Loading player...
UEUko, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Donostiako Euskara Zerbitzuko ordezkariak, biltzarra aurkezten. (Jon URBE/FOKU)
UEUko, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Donostiako Euskara Zerbitzuko ordezkariak, biltzarra aurkezten. (Jon URBE/FOKU)

Halako biltzar bat egiteko saiakera izan zen duela 25 urte, Arantzabalek azaldu digunez, baina «masa kritiko faltagatik» ez zuen aurrera egin eta aitortu du ekonomialarien artean faltan botatzen zutela halako zerbait. Elkarlanetik abiatuta egingo dute hala, ekonomialari euskaldunen lehen biltzarra, azaroan. Helburu izango dute «ekonomialari euskaldunak saretzea, hutsuneak betetzea, enpresa eta unibertsitatearen arteko zubi-lanak egitea eta pentstamendu kritikoa lantzea eta gizarteratzea».

Orotariko hizlariak izango dira estreineko biltzarrean, tartean Juan Jose Ibarretxe lehendakaria edota Jule Goikoetxea ikerlaria. Ekonomiak esparru asko ikutzen dituela azaldu digu antolatzaileak, eta horren isla izango dela biltzarra bera: «Pentsioak, klima aldaketa… eguneroko gaiak dira eta landuko dira. Politikak ere badauka lekua».

Arantzabalek nabarmendu du ez dela adituei soilik bideratutako biltzarra: «Ematen du ekonomialarientzat bakarrik dela, baina beste esparruetako jendea, euskararen munduan dabilena adibidez, etorriko da: gaiak dibulgatiboak dira, orotarikoak, beraz edonori zuzendua doa». Datu makroekonomikoetatik haratago, ekonomia oso gauza lurtarra eta eguneroko bizitzan duguna dela nabarmendu du, halaber, Arantzabalek: «Ekonomiak, grekera klasikoan, ‘etxearen kudeaketa’ esan nahi du, beraz denok gara ekonomialari, denok dugu etxea kudeatzeko ardura».

Lehen biltzar honetan, gure ekonomiaren historiari errepaso bat emango diote eta etorkizunera begira jarriko dira ondoren: «Uste dugu Euskal Herriak behar duela bere pentsio sistema propioa. Uste dugu foro honek emango digula hausnarketarako gune bat».

Jaurlaritza Logoa