En direct

Naiz Irratia

Elkartasun argiak piztuko ditu ostiralean Gure Eskuk

Aiako Harrian ikusitako irudia zabaldu nahi du Gure Eskuk ostiral honetan, Kataluniako herritarrei elkartasuna adierazteko. Gaztelugatxe, Anboto, Txindoki, Karakate eta Deba pizteko deia egin dute. Ekimenaren berri eman digute Andoni Mikelarenak eta Garbiñe Astorekak.

Audio_placeholder

Elkartasun argiak piztuko ditu ostiralean Gure Eskuk

Loading player...
Gaztelugatxe piztuko du Gure Eskuk (Gure Esku)
Gaztelugatxe piztuko du Gure Eskuk (Gure Esku)

Kataluniako herriari bezala, Altsasuko gazteei ere elkartasuna adieraziko diete ostiralean Goierriko Gure Eskuk deituta. Andoni Mikelarenak  azaldu du «eskubide zibil eta politikoen kontrako beste eraso larri bat dela eta horren aurrean erantzun beharra» sentitu dutela. «Altsasuarrei mugatzen dizkieten eskubideak euskal herritar guztioi mugatzen dizkigute», Mikelarenak salatu duenez.

Hala, ostiraleko ekimenarekin bat egiteko deia luzatu die mendizale direnei bezala, ez direnei ere, «bakoitzak ahal duen neurrian». Txindoki argiztatzeko 200 lagun inguru beharko dituztela aurreikusi du, tartean eskalatzaileak ere bai, baina «benetan ikusgarria izan dadin, ahalik eta jende gehien» beharko dutela nabarmendu du.

Herriko eragile sozialekin bilera egin ostean erabaki dute Gaztelugatxe argiztatzera ere joatea Bermeon. Hala azaldu digu Garbiñe Astorekak: «Bermeo, Bakio eta eskualdetik laguntza  izango dugu eta 150 lagun inguru izango gara gutxienez». Argazki ikusgarria izango da Gaztelugatxekoa: «Bermeotik lauzpabost argazkilari egongo dira, eta dronekin ere grabatu nahi dugu»; honi, adar hotsa ere gehituko diote iluntzen hasten denean.

Ostiral iluntzerako hitzorduak

Oraingoz, bost hitzordu iragarri ditu Gure Eskuk ostiralerako. Gaztelugatxeko ekimenerako hitzordua 18.00tan da Olbizarretan. Anbotorako 17.00tan deitu dituzte herritarrak Urkiolako parkinean. Goierrin 17.00tan da hitzordua Larraitzen Txindokiko ekimena egiteko. Elgoibarren Karakaten egingo dute ekimena, 17.30ean da hitzordua Kalegoen plazan. Deban 20.00etan hondartzan deitu dituzte herritarrak.

Jaurlaritza Logoa