En direct

Naiz Irratia

Pedro Urraca, Companys atxilotu eta Espainiak saritu zuen Gestapoko kidea

Gaurko egunez, duela 79 urte fusilatu zuten Lluis Companys i Jover Kataluniako presidentea. Generalitateko ordezkariek omenaldia egin diote Montjuicen. Gestapok atxilotu zuen Companys Frantzian, 1940ko abuztuaren 13an. Gestapoko kide zen Pedro Urraca Rendueles, atxiloketan parte hartu eta urte batzuk beranduago Espainiak saritu zuen faxista.

Audio_placeholder

Pedro Urraca, Companys atxilotu eta Espainiak saritu zuen Gestapoko kidea

Loading player...
Lluis Companys eta Jose Antonio Agirre elkarrekin
Lluis Companys eta Jose Antonio Agirre elkarrekin

1904an jaio zen Pedro Urraca Valladoliden. Parisen, Hélène Cornette Compventekin ezkondu eta Alemania Naziko polizia sekretuetako kide gisa hilketa askoren egile izan zen.

Kataluniako presidente zenaren fusilaketaren 79.urteurrenean, Iñaki Egaña historialariak eman digu Urracaren berri. Ordurako, Parisen, erbestean zen Companys. Gestapok 1940ko abuztuaren 13an atxilotu eta abuztuaren 29an Irungo mugan entregatu zuen. Horretan hartu zuen parte Urracak. Bitartean, Companys gerra kontseiluak heriotzera kondenatu eta urte bereko urriaren 15an fusilatu zuten Montjuicen.

Bereak egiten jarraitu zuen hurrengo urteetan Urracak. Parisen, Eusko Jaurlaritzaren erbesteko egoitzaren (gaur egun Cervantes Institutuaren egoitza) kontrako erasoaldian hartu zuen parte. 28 euskal herritar atxilotu eta Luis Alava gasteiztarra exekutatu zuten.

Behin nazismoa gaindituta, Frantziak heriotzera kondenatu zuen Urraca. Hori ikusita, Madrilek Parisetik Bruselara eraman zuen. Belgikako Espainiaren enbaxadan aritu zen hurrengo urteetan, oposizio antifrankistaren espioitza gidatzen, bereziki, DRIL eta PCEren kontra. Are gehiago, 1960ko hamarkadan, euskal errefuxiatuen inguruko txostenak bidali zituen Madrilera eta aurrerago ETAri buruzko informeak. Burgosko prozesuan ETAko militanteei heriotza zigorra bertan behera utzi ondoren, kexa ofiziala bidali zuen Espainiako Gobernura.

Isabel Catolikoaren Ordenaren eta Meritu Zibilaren Ordenaren dominarekin saritu zuen Espainiak Urraca. Espainiak babestuta, sarituta eta bere krimenengatik salbu hil zen 1989an. Bere semeak Generalitateari eman zizkion aitaren artxiboak, baina 1973 eta 1976 bitartean ETAren inguruan egindako txosten guztiak suntsitu egin zituzten.

Jaurlaritza Logoa