En direct
Ebazpena ezagutu orduko egin dugu bat Ioseba Landarekin, Euskal Etxeko lagunarekin. Ikusi duenez, auzoetan kontzentrazio inprobisatuak martxan ziren, errepide mozketak eta elkarretaratzeak. Kontatu digunez, «segurtasunagatik», ordubete lehenago arte ez dira mobiliazioak konbokatzen. Denak telegrametik iristen diren mezuen zain, helikopteroak hiriaren gainean.
«Sententzia atera eta mobilizatzeko prest zegoen mundu guztia», kontatu digu. Euskal Etxearen kasuan, testuingurua ikusita, 'Euskal Herria Sona' jaialdia bertan behera uztea erabaki dute.
Beste milaka lagun bezala, ikasleak klaseetatik atera eta langileak kalera joan dira sententzia ezagutu berritan protesta egitera. Miren Azpiri ondarrutarrak esan digunez, ikasleek zutabeak osatu eta bideak itxi dituzte. Hori bai, «jendea trankil da», esan digu. «Gauza oso polita ari da gertatzen, azken momentura arte ez dakigu nora joan behar garen. Lo daudela kataluniarrak diote, baina ez da hala, jendea gogoarekin dago, bizirik» nabarmendu du.
Bartzelonatik mintzatu zaigu Ekaitz Garate. Hiria «kolapsatuta» dago Garateren esanetan. «Behin Prateko aireportura joateko deia egin eta segidan, hiritik zutabe ezberdinak abiatu dira hara», esan digu. Mobilizazioen epizentroa aireportua izango da gaur, beraz.