Fermin eta Iñigo Muguruzak azken aldiz elkarrekin jo zutenekoa

Fermin Muguruzarekin izan berri gara 'Black is beltza' filma NAIZ eta GARArekin banatuko denaren aitzakian. Iñigo anaiaren heriotza izan berri, jasotako elkartasun mezuak eskertu nahi izan ditu artista irundarrak. Bi anaiek elkarrekin jotako azken kontzertuak ditu gogoan orain. Audio-erreportaje honetan jaso ditugu bere hitzak.

Loading player...
Ion T. BARRENA|IRUN|18/09/2019 01:39
Fermin-muguruza-goraherria
Argazkia: Jon URBE / FOKU

Toots and The Maytalsen 'Pressure Drop' abestiak esnatzen du Fermin Muguruza, Joxe Ripiauk bere lehen diskoan 'Presaka'-n ekarri zuena, «eta gogoratzen dut hura, ahotsa jartzen ere aritu nintzenekoa». Egun gutxi, gutxiegi, igaro dira oraindik Iñigo Muguruza hil zenetik eta oso present dago 'Black is Beltza'-ren azken artefaktuaz hitz egiteko eman dugun hitzorduan, «denak eramaten nau Iñigorengana».

Gehiegi ez baina tarte bat hartu dugu egun hauetako emozioak jasotzeko, «polita da elkarrizketa honen bidez jasotako maitasun uholdea eskertu ahal izatea. Ezin izan diet denei erantzun eta baliatu nahi nuke horretarako. Oso mezu hunkigarriak jaso ditugu. Ikusi dugu zer babes dugun herrian, zer maitasun... eta zer lurrikara sortu den. Jende pila bat inguratu zaigu 'eutsi', 'animo'... esatera eta azpimarratu nahi nuke harrotasun puntu hori, herri honek zer indar duen halako kasuetan, zer sustraituta dagoen egiten dugun lana. Gero kritikatuko ditugu mila gauza baina horrelako momentu latz batean jende guztiaren babesa jaso dugu, gainezka egin digu elkartasun uholdeak. Jarraitu egin behar dugu orain, konturatzen gara gure lanak zer eragin izan duen, merezi izan du eta beraz lanean jarraituko dut».

Anaiaren azken urteetako oroitzapenak ditu Fermin Muguruzak buruan egun hauetan. Amaia Apaolaza manager izandakoari Ordizian egin zioten omenaldikoak, adibidez, «Iñigori diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza eta oso ikututa baina etorri egin zen eta eskenatokira igo ginen Esne Beltzakoekin batera Mikel Anestesia, Kaki Arkarazo, Mikel Abrego, Iñigo eta bostok... 'Gora Herria', 'Sarri Sarri'... jo genituen...».

Eta azken irudi bat, eskenatokia elkarbanatu zuten azken bi aldietakoa. Ferminek Adarra Saria jaso zuenean Negu Gorriakeko guztiak elkartu eta igo ziren kantu pare bat eskaintzera. Orduan, Michaela Chalmeta big banda izan zuten lagun eta beste emanaldi bat egin zuten Bartzelonan, Grec festibalean. «Esan nion Iñigori ia etorri nahi zuen, izugarria izango zela. Berak ere harreman handia izan zuen Kataluniarekin. Egun batzutara argazki bat bidali zidan. Adarra Saria jasotzeko prestatu zuen Ho Chi Minhen kamiseta ageri zen eta ondoan bidaia txartela. 'Jo, orduan bazatoz?', galdetu nion, 'Bai, lortu ampli bat eta gitarra bat eta hor egongo naiz'. 'Gora Herria' eta 'Sarri Sarri' jo genituen, amaieran publikoa eskenatokira igo zen eta ni jendearekin aurrera joan nintzen, bera orduan erdi-erdian jarri zen gitarrarekin eta argazki hori izugarria da: hor dago bera, bizkarrez baina zentroan... eta hori da GARAko eskelan erabili genuena, idatzita: 'Paradisu Zineman ikusiko gara, maitia, maitia'».

INFOS ASSOCIÉES

 

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1
@NAIZIrratia